Artico Ingurumena, arrakasta plaka fotovoltaikoak enpresa industrialetan instalatzen

0

Artico Ingurumena Hernaniko enpresa bat da, eta plaka fotovoltaikoak instalatzen ditu enpresa industrialetan batik bat. Arrakasta lortzen ari da, fakturazioa sei bider handitu baitu lau urtean, eta 40 instalazio inguru egiten baititu urterik urte. Informazio hau “Zutaz mintzo gara” ekimenaren bidez sortu da. SPRI taldeak Euskadiko enpresei proiektuak bere plataformaren bidez ezagutarazteko aukera eskaintzen die.

Enpresa 2006an sortu zen, sortzaileetako baten eskutik; Antxon Reparazen eskutik, hain zuzen. Ordura arte, automobilgintzako hainbat enpresatan ibilia zen, eta horietako bat Alemanian zegoen. Ibilbidea goitik behera aldatu zuen, ordea, plaka fotovoltaikoen sektorean sartu eta Artico Ingurumena sortzeko. Zehazki, enpresak instalazio fotovoltaikoen proiektuak eta muntaketak egiten ditu, baita mantentze-lanak ere.

“2016ko legean ez ziren oraindik jaso autokontsumoko instalazioak soberakinak konpentsatuta. Hori dela eta, instalazio isolatu baterako proiektu bat egin genuen Dueroko Erriberako upeltegi batean, eta beste bat lur ureztatu fotovoltaiko baterako. Eta 2019an, legeria argitu zutenean, autokontsumoko instalazioak egiten hasi ginen, soberakinekin eta soberakinik gabe. Horrez gain, zuzeneko salmentarekin ere jarraitzen dugu. Eta enpresen autokontsumo partekatua ere merkatu garrantzitsu bat da guretzat”, aipatu dute enpresako proiektu eta obren zuzendari Antxon Reparazek eta negozio-garapeneko zuzendari Idoia Altamirak.

Artico Ingurumenaren bezero gehienak industrialak dira, eta automobilgintzan, elikagaigintzan eta mekanizazioan dihardute nagusiki. “Ez dugu lan komertzial proaktiboa egiten, energiaren sektoreko enpresa askorekin egiten dugu lan”. Sektoreko konpainia guztiek bezala, Txinan egindako plakak jasotzen ditu. “Europan ez dago fabrikatze-instalazio garrantzitsurik”.

Urtean 30 eta 40 instalazio artean egiten dituzte, gehienak enpresa ertain eta handietan. Eta duela hiru edo lau urte instalaturiko plaka fotovoltaikoak zabaltzeko proiektu batzuk ere egin dituzte dagoeneko. “Gipuzkoako talde industrial batentzat, beste bost instalazioko zabalkuntza egin dugu; horietako hiru, 200 kilowattekoak. Iruñeko harakintza-enpresa batean, berriz, 160 kilowatt instalatu genituen, eta beste 400 kilowatt gehitu ditugu. Eta Valladolideko hiltegi batean, 600 kilowatt gehitu ditugu, bere garaian 300 kilowatt instalatu ostean”.

Instalazioak bezeroaren arabera

Instalazioak bezeroaren arabera egokitzen dira. Alemaniara 2016an egindako bidaia batean, bertako lan-sistema izan zuten inspirazio-iturri. Oso aurreratuta daude sektore fotovoltaikoan, eta “orain hemen inplementatzen ari diren diseinu-programekin lan egiten dugu. Gure alde ona da errendimenduari buruz ematen ditugun datuak bete egiten ditugula, diseinu-programa horiei esker”.

Egoitza nagusia Hernanin dago, eta, handik, Euskadiko eta Nafarroako merkatua artatzen dute. Hernanikoa ez ezik, Valladoliden ere egoitza bat dago, Gaztela eta Leongo instalazio fotovoltaikoetarako. “Proiektuak egin ditugu Gaztela-Mantxan, Madrilen eta Aragoin, adibidez.

Guztira, 15 langile dira, eta iazko fakturazioa 3,2 milioi euro inguru izan zen. Negozioa sei bider handitu da azken lau urteotan: 2020an, milioi-erdi euro besterik ez zen izan.

Prezioak nabarmen jaitsi dira lehengo hamarkadatik hona. 2006an, 100 kilowatteko ereduzko instalazio batek 600.000 euro balio

zuen, eta orain, aldiz, 70.000 eta 80.000 euro artean balio du. “Lau urtetan amortizatzen den inbertsio bat da”.

Dena den, Artico Ingurumenako arduradunek azpimarratzen dute ingurumenaren alderdia funtsezkoa dela, aurrezpen ekonomikoaz gain, batik bat deskarbonizazioa jarduera industrialean ezartzen ari den honetan.

Erronkak ere badaude: sektore industrialeko merkatuarekin jarraitzea, energia-ahalmen handiagoko instalazioak muntatzea eta “autokontsumo kolektiboan sakontzea”. Alegia, “instalazio berberekin, zenbait enpresak ateratzea onura.  Adibidez, saltokigune batean egin dugun proiektuaren baitan, eguzki-energia dendek erabiltzen dute, baina baita inguruko 100 bizilagunek ere”.

Bestalde, konpainiak baterien erabilera biziagotu nahi du sektore industrialean. Sistema hori etxebizitzetan ezarrita dago, eta, horren bidez, energia gorde daiteke kontsumoa baxua denean, eta geroago erabili, gauez.

“Eta modalitate berri bat dago. PPA deitzen da, eta, horren baitan, kanpoko enpresek inbertsioa egiten dute, eta industriak energia berdea dauka prezio finko batean. Urte batzuen buruan, jabeari itzultzen zaio”.