Euskalmeten arabera, apirila beroa eta oso lehorra izan da

0
  • Hil honetan tenperatura altuen errekorrak hautsi dira, eta lehenengo aldiz erregistratu dira gau tropikalak
  • Serie historikoetako apirilik lehorrenetako bat izan da Arabako zati handi batean

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, apirila beroa eta oso lehorra izan da Euskadi osoan. Tenperaturen kalifikazioa, batez ere, lehenengo hamabostaldian nagusi izan ziren balio altuek zehaztu dute; izan ere, tenperaturak batez bestekoaren oso gainetik ibili ziren eta tenperatura altuen errekorrak hautsi ziren, bai egunekoenak bai gauekoenak, eta apiril batean lehenengo aldiz izan ziren gau tropikalak kostaldean. Hilabetean zehar erregistratutako prezipitazioen arabera, hilabetea oso lehorra izan da, batez ere Arabako Lautadan eta Arabako Errioxan, serie historikoetako apiril lehorrenetakoa izan baita.

Euskalmeten arabera, apirileko batez besteko tenperaturak 13-14 ºC ingurukoak izan ziren kostaldean, eta Arabako Lautadan, berriz, 10 ºC ingurukoak. Balio horiei esker, Euskadi osoan 0,9 ºC-ko anomalia positiboa izan da 1981-2010eko batez besteko normalarekin alderatuta. Lehenengo hamabostaldian egun beroak izan ziren nagusi, eta anomalia oso deigarriak izan ziren hilaren 6aren eta 13aren inguruan. Horrela, apirileko tenperatura altuen aurreko errekorrak gainditu ziren, bai balio maximoei dagokienez (Gardea 33,3 ºC; Zaldiaran 27,3 ºC), bai minimoei dagokienez (Oiartzun 22 °C; Mungia 21,9 °C). Kostaldeko gau tropikalak (20 ºC-tik gorako tenperatura minimoak) bereziki izan ziren aipagarriak, apiril batean erregistratu diren lehenengo aldia izan baita.  Apirilaren 16tik aurrera, egun hotzak eta izotzak iritsi ziren, eta aipagarriak izan ziren hilaren 19koak (Navarrete -3,8 °C; Agurain -2,9 °C).

Tenperatura horiekin batera, espero zitekeena baino handiagoa izan da intsolazioa, % 20 eguzki-ordu gehiago izan baitira kostaldean eta % 30 gehiago Arabako hegoaldean. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 168 eguzki-ordu izan zituen, Donostiak 190 eta Gasteizek 206.

Prezipitazioei dagokienez, apirila oso lehorra izan da. Ia Euskadi osoan, batez besteko klimatologikoko euriaren erdia baino gutxiago egin du, bereziki isurialde mediterranioan, normala denarekiko % 20-30etik behera egin baitu. Arabako Lautadaren edo Errioxaren kasuan, serie historikoetako lehorrenetakoa izan da, eta bertako estazio batzuetan XXI. mendeko apirilik lehorrena.  Prezipitazio gehien ohiko lekuetan metatu zen (Eskas 120,8 l/m²; Iruzubieta 112,2 l/m²), eta baliorik baxuenak Arabako hegoaldean erregistratu ziren (Páganos 9,6 l/m²). Kalifikazio horrekin bat etorriz, euri-egunak normala dena baino gutxiago izan ziren: 2 egun bakarrik Gasteizen, 8 Bilbon eta 11 Donostian.

Muturreko meteorologiari dagokionez, apirilean zehar Eusko Jaurlaritzak 11 abisu hori aktibatu zituen, horietatik 3 haizeagatik, 2 nabigaziorako olatuen altueragatik, 2 kostaldeko inpaktuagatik, 1 galernagatik, 1 izotzagatik eta 2 basoko sute-arriskuagatik.