Jokin Bildarratzek sariak banatuko dizkie XX. Eduardo Chillida Matematika Olinpiadako irabazleei, eskultorearen jaiotzare mendeurrenean

0
  • Lehen lau sarituek bi asteko egonaldia jaso dute sari, Ingalaterran uda honetan, ingeles maila hobetu ahal izateko
  • DBHko 2. mailako 170 ikasle inguruk parte hartu zuten Matematika Olinpiadaren finalean
  • Olinpiadaren 20. edizioak txapelketa honi izena ematen dion eskultorearen jaiotzaren mendeurrena gogoratu du

Eduardo Chillida Matematika Olinpiadak 20. edizioko sariak banatu ditu gaur eguerdiz Gasteizen, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua buruz zela, egin den ekitaldian. Sailburuarekin batera ekitaldian izan dira Begoña Pedrosa, Hezkuntza sailburuordea,  Amaia Agirre Ikaskuntzako eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendaria eta Mikel Chillida, olinpiadari izena ematen dion eskultore handiaren biloba. Chillida Leku Museoko Garapen zuzendari ere baden bilobak eskaini du ekitaldiari itxiera emateko hitzaldia, aitona zuen eskultorearen figuraz eta lanaz.

Aurreko urteetan legez, Eduardo Chillida Matematika Olinpiada bi fasetan garatu da aurten ere. Lehenengoa martxoaren 14an burutu zen, edizio honetan parte hartu duten 79 ikastetxeetako bakoitzean. Orotara 1.800 ikasle inguru izan ziren parte hartzaile. Proba horren emaitzetatik, finalera pasatzeko, ikastetxe bakoitzeko bi edo hiru ikasle hautatu zituzten irakasleek, ikastetxearen tamainaren arabera.

Azken fasea edo finala maiatzaren 11n izan zen hiru hiriburuetan eta 170 ikasle inguruk parte hartu zuten. Azken fase horretan puntuaziorik onenak lortu dituzten 12 ikasleek jaso dituzte sariak gaur eguerdian, ikasketak egiten ari diren ikastetxeetako arduradunak eta senideak lagun zituztela.

Honako hauek izan dira aurtengo 12 sarituak:

Ikaslea Ikastetxea
1 Elur Tapias Gubia Usandizaga-Peñaflorida-Amara BHI. Donostia
2 Nahia Rodríguez Salcedo La Salle Bilbao. Bilbo
3 Ekain Dulanto Ruiz de Azua Ekialdea BHI. Vitoria-Gasteiz
4 Damian Munteaunu Hristova Orixe BHI. Tolosa

Hurrengo irabazleak alfabetoaren araberako hurrenkeran ageri dira:

Ikaslea Ikastetxea
Alexander Arzuaga Barañano Padre Andrés Urdaneta ikastetxea. Loiu
Iñigo Elorriaga López Padre Andrés Urdaneta ikastetxea. Loiu
Joanes Lopez Saenz Zurriola Ikastola. Donostia
Jone Madariaga Sanchez Aixerrota BHI. Getxo
Ximena Molero Barba Usandizaga-Peñaflorida-Amara BHI. Donostia
Julen Rafael Bilbao Olabide Ikastola. Vitoria-Gasteiz
Markel Rodriguez Etxebarria Los Herran BHI. Vitoria-Gasteiz
Alain Ugarte Manso Talaia BHI. Hondarribia

Egonaldia Ingalaterran

Lehenengo lau sarituek, diploma egiaztagiriarekin batera, uda honetan Ingalaterran ingeles maila hobetzeko bi asteko ikastaro bat egiteko beka jaso dute. Gainera, lehenengo hirurek Euskadi ordezkatuko dute ekainaren 14tik 18ra Caceresen egingo den XXXIV. Matematika Olinpiada Juniorraren estatu-mailako fasean.

Gainerako sarituek, diplomaz gain, “Alto Voltaje” mahai-jolas bana jaso dute (abiadura bizian batuketa eta kenketak ebaztea eskatzen duen jolasa), eta baita 100 euroko bonu bana ere, Elkar liburu-dendetan erosketak egiteko. Baina ikasle horien Matematikako irakasleentzako ere izan da oparirik: Eduardo Chillidaren “Escritos” liburuaren ale bana jaso dute, artistaren mendeurrena dela eta berrargitaratu dena.

Eduardo Chillida Matematika Olinpiadak bere hirugarren ediziotik darama izen hau eskultorearen omenez, eta Euskadiko Matematika Irakasleen EMIE 20+11 Elkarteak antolatzen du, Hezkuntza Sailaren laguntzarekin. Ekimenaren hogeigarren edizioak helburu hauek ditu, besteak beste:

  • Matematikaren arloa ikasle eta irakasleentzako prestakuntza-jarduera dibertigarri baten bidez ezagutaraztea.
  • Matematika gure gizarte-ingurunera zabaltzea, parte hartzen duten ikasleen familiak inplikatuz.
  • Ikasleen artean matematikarekiko zaletasuna sustatzea, problemak ebatziz.
  • Sormena, erabakitzeko gaitasuna, pentsamendu dibergentea eta egoera berriei aurre egiteko eta ohikoak ez diren arazoak konpontzeko trebetasuna sustatzea.

Sariak banatu ondoren, Eduardo Chillidaren iloba eta Chillida Leku Museoko Garapen zuzendari Mikel Chillidak hartu du hitza, “Eduardo Chillida, René Thom eta Euclides” hitzaldiarekin. Ikasle sarituei, hauen senideei eta irakasleei zuzenduriko hitzaldia izan da.