29 herrialdetatik etorritako 1.500 erakusketarik baino gehiagok parte hartuko dute 2024ko BIEMHen

0

Astelehenean, ekainaren 3an, ateak irekiko dituzte Bilbao Exhibition Centreko 6 pabiloiek, orain arteko BIEMH-en ediziorik eta nazioartekoenari hasiera emateko. Egun horretan, eguerdian, Iñigo Urkullu Lehendakariak zuzenduko du hasiera ekitaldia. Ekainaren 3tik 7ra bitartean izango da azoka.

29 herrialdetatik etorritako 1.500 erakusketarik baino gehiagok parte hartuko dute 2024ko BIEMHen, eta 3.500 produktu eta zerbitzutik gora erakutsiko dituzte. Funtzionamenduan dauden makinak izango dira protagonistak eta, aldi berean, industriari lotutako beste hiru ekitaldi hartuko ditu barne: ADDITƐD, BeDIGITAL eta WORKinn Talent Hub. Fabrikazio aurreratuko azoka liderra den heinean, aurtengo edizioa benetako ikuskizun industrial eta teknologikoa izango da, eta nazioarteko presentzia handia izango du, besteak beste, Alemania, Italia, Portugal, AEB, Japonia, Taiwan eta Turkia bezalako herrialdeko enpresak jasoko ditu.

Banaketa sektoreen arabera antolatuko da. Horrela, azokak arlo hauetako enpresak bilduko ditu: erauzketako eta deformazioko makinen fabrikazioa eta banaketa (% 35), robotika eta automatizazioa (% 20), erremintak eta osagarriak (% 12), industriara aplikatutako digitalizazioa (% 9), osagai mekanikoak (% 9), produkziorako eta enpresarako zerbitzuak (% 6), fabrikazio aditiboa eta 3Da (% 5). Eta berrikuntza gisa, aurten robotika, automatizazio eta digitalizaziorako gune berezi bat bisitatu ahal izango da, baita Demo Robot gunea ere, non enpresa liderrek robot kartesiarrak, artikulatuak, industrialak, kobotak, autonomoak eta AMRak erakutsiko dituzten.

Askotariko sektore eta jardueretan (automozioa, aeronautika, aeroespaziala, trenbidea, energia, siderurgia eta ekipamendu-ondasunak, besteak beste) diharduten hainbat trakzio-enpresa garrantzitsuk BIEMHeko enpresekin bilerak lotzeko eta inbertsioak handitzeko interesa berretsi dute, oso tonu positiboan egin den sustapen-kanpaina arrakastatsuaren ostean. Bultzada horri esker, 75 herrialdetatik datozen eta pisu handikoak diren bisitari profesionalek eman dute izena. Herrialdeen artean, hauek azpimarratu behar dira: AEB, Frantzia, Alemania, Italia, Erresuma Batua, Portugal, Turkia, Kanada, India, Txina eta Mexiko.
Plataforma global bat, ekitaldi paraleloekin: ADDITƐD, BeDIGITAL eta WORKinn Talent Hub.

Industriako arlo guztiak daude BIEMHek aurkezten duen fabrikazio aurreratuaren ibilbidean. Zehazki, biurtekoa egiten den bitartean, industriari begirako beste hiru ekimen egingo dira. ADDITƐD fabrikazio aditiboaren eta 3D inprimatzearen erreferentziazko espazio bat da, eta, 8. edizio honetan, inputak teknologia berriak, merkatu berriak eta aukera berriak izango dira. Additive Talks ekitaldiez gain, 120tik gora enpresek ezagutzera emango dituzte sistema eta makineriako berrikuntza teknologikoak, aplikazio industrialak, fabrikazio aditiborako lehengaiak, kontsumigarriak, software- edo eskaner-proiektuak eta 3D eskaneatze-zerbitzuak.

Bestalde, BeDIGITAL Transforming Industry foroaren 6. edizioa izango da. Teknologia digitalen aplikazio industriala landuko dute, eta 80 enpresatik gora egongo dira erakustokien gunean. Enpresa horiek hainbat sektoreren parte dira: softwarearen garapena, big data, AA, zibersegurtasuna, errealitate areagotua, IoT-a, blockchaina, hardwarea, software-ingeniaritza, telekomunikazioak eta 5Ga, informazioaren teknologiak eta robotika, besteak beste. Gune hori, Digital Talks eta Innovation Workshops ekimenez gain, BeDIGITALek Startup Village gunea izango du: proposamen berritzaileak aurkeztu eta trukatzeko toki dinamiko bat.

Amaitzeko, WORKinn Talent Hub topagune integrala izango da talentua eta industria konektatzeko bere 8. edizioan. Hitzorduan, enpresa liderrak, ikasleak eta enplegua modu aktiboan bilatzen ari diren profesionalak batuko dira. Hala, 300 lan-eskaintza baino gehiagoko enplegu-foroa eta Inspire gunea konbinatuko dira; hau da, manufacturingaren irteera profesionalak erakusteko gune bat. Hala, bertaratzen direnek sektoreen egunerokoa ezagutuko dute eta enpresekin hitz egin ahalko dute zuzenean. Foroan 30 enpresak baino gehiagok parte hartuko dute. 2016an abiarazi zenetik, industriari soilik zuzendutako estatuko ekitaldi bakarra da.

BIEMHek Innobasqueren babesa du berrikuntza-lankide gisa, eta Eusko Jaurlaritzako SPRIrena, erakunde-lankide gisa. Eta antolatzaileak AFM, Machine Tool Manufacturers, AIMHE, Machine Tools Importers eta Bilbao Exhibition Centre dira.
Bestalde, WORKinn Talent Hubek Jobbe (Evolus taldea) du babesle, eta erakunde-lankideak Bizkaiko Foru Aldundia eta Euskal Enplegu Zerbitzua (Lanbide) dira. Eta BeDIGITALek babesle hauek ditu: Digitalentu, Kaizen Institute eta MathWorks urrezko babesleak dira; FI Group, Irontec, Kuik! eta Oreka i.t., zilarrezkoak; eta Jakintza Industrien eta Teknologia Aplikatuen GAIA Elkartea du laguntzaile. Erakunde-lankidea Bizkaiko Foru Aldundia da. Eta ADDITƐDen Urrezko babeslea da Air Liquide.