Udaltzaingoak donostiarrak animatzen ditu salaketak on line egiteko kanala erabiltzera

0

Azken urtean 434 salaketa jaso ditu kanal honen bidez, hain zuzen ere, hiritarrei modu fisikoan polizia-etxera joan gabe hainbat salaketa egiten ahalbidetzen dien kanala

Udaltzaingoak kanpaina hasi du hiritarrei modu telematikoan hainbat salaketa egiteko aukera ematen dien zerbitzua ezagutzera eamateko.

Udaltzaingoak kartelak jarri ditu azken egunetan zenbait udal-eraikinatan, besteak beste, Udalinfon, kultur etxeetan, osasun zentroetan edo kiroldegietan. Bertan, donostiarrak animatzen dituzte salaketak on line egiteko kanala erabiltzera. Gogoan izan, kanal honetan duela urtebete ziurtagiri digitala (B@kq) erabilita sinatzeko aukera ematen hasi zela. Kartelek QR kode bat dute. Eta kode hori eskaneatzen duen edozein pertsona udalaren webgunean dagoen tramitera bideratua izango da.

Iazko ekaina arte salaketak on line egiteko kanala erabiltzen zuten pertsonek bertan zegoen dokumentazioa bete behar zuten eta Morlanseko polizia-etxera joan behar zuten entregatzera. Hiri-segurtasun atalan Udaltzaingoak eskaintzen dituen zerbitzuak modernizatzeko prozesu baten ondorioz, ziurtagiri digitala erabilita sinatzeko aukera sartu zen, eta ondorioz, ez da beharrezkoa polizia-etxera joatea baldin eta segidako delituen gaineko salaketa jarri nahi bada:

  • Diru zorro, poltsak edo horrelakoen lapurreta
  • Bizikleten lapurreta
  • Saltokietan edo etxebizitzetan lapurreta
  • Ibilgailuen barrutik lapurreta
  • Saltokietan edo etxebizitzetan kalteak eragitea
  • Ibilgailuetan kalteak eragitea
  • Objektuak galtzea
  • Iruzurrak on-line

434 salaketa urte betean

Salaketak on line egiteko Udaltzaingoaren kanalak urtebete egin du, eta urtean zehar hainbat aldaketa egin dira salaketa berriak jaso ahal izateko, eta besteak beste, objetuak galdu izana (dokumentazioa, sakelako telefonoak…) edo iruzurrak on line salatzeko aukera gehitu dira.

Halaber, egindako salaketa bat osatzeko aukera sartu da, baldin eta salaketa egin duen pertsonak datu garrantzitsuren bat ahaztu badu. Dena dela, Udaltzaingoak salaketa egin duen pertsona polizia-etxera joateko eska diezaioke, informazio gehigarria eskatzeko, hain zuzen ere, salatutako delitua argitzeko baliagarria izan daitekeen informazio gehigarria.

2023ko ekainetik gaur arte Udaltzaingoak 434 salaketa jaso ditu on line sistemaren bidez. Hiri-segutasuneko zinegotzi Martin Ibabek esan du, sistema honen bidez gehienbat salatu direla diru-zorro, poltsak edo horrelakoen lapurretak, bizikleten lapurretak, ibilgailuetan kalteak, objektuak galdu izana eta delitu informatikoak.

Horiek horrela, Ibabek honakoa azpimarratu du: “Sistema duela urtebete jarri genuen martxan eta, orduz geroztik, hainbat hobekuntza egin ditugu, alde batetik, salaketak jaso eta tramitatzen dituzten udaltzainei lana erraztera bideratuak; eta bestetik, hiritarrei udalarekin gero eta komunikazio telematiko gehiago egiten dituzten unean tresna berria emateko, polizia-etxera joan gabe hainbat delitu salatzeko aukera emanez”.

Horrenbestez, Hiri-segurtasuneko zinegotziak segidakoa gogorarazi du: “Udaltzaingoak beti izan du gertutasun-polizia izateko bokazioa. Donostiarrengandik gertu dagoen polizia. Eta modernizazio eta hobekuntza prozesu baten ondorioz sortutako ekimen honi esker egungo bizimoduetara egokitu gara, eta gertutasun-polizia izaten jarraitzeko pausoa eman dugu”.