20.000 lagun inguruk egin dute aurretiazko izen-ematea UPV/EHUn gradu ikasketak egiteko

0

2024-2025 ikasturterako, Euskal Herriko Unibertsitateak sarrera berriko 8.709 plazako eskaintza du. Kopuru hori iazko ikasturtekoa baino zertxobait handiagoa da. Eskaintza honetarako, aurretiko izen-ematea egiteko 20.000 eskaera inguru jaso dira. Eskaera gehien jasotako titulazioei dagokienez, aurreko deialdiekin alderatuta, ez da aldaketa handirik izan. Izan ere, oraindik ere osasun arloko graduak dira eskaera gehien jaso dituztenak eta, zehatzago esanda, hauek: Medikuntza, Erizaintza, Psikologia, Odontologia eta Fisioterapia. Era berean, gehien eskatutako beste graduetako bat izan da “Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza”.

Bestalde, azpimarratu beharrekoa da bikaina izan dela gradu berrienek jaso duten harrera (Biomedical Engineering eta Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako Gradu Bikoitza, lehen aldiz joan den ikasturtean eskainitakoak, eta Logopedia, irailetik aurrera lehen aldiz eskainiko dena). Aipatutako graduetako aurretiazko izen-emate zifrak, lehen aukerari dagokionez, nabarmen gainditu dute eskainitako plaza kopurua.

Ezagutza arloei dagokienez, aurretiazko izen-emateen % 36,7, lehen aukeran, osasun zientziekin lotuta daude; % 30,83 gizarte zientziekin; % 18 ingeniaritza eta arkitekturarekin; % 8,1 zientziekin; eta % 6,3 arte eta giza zientziekin. Ondorioz, aurreko urteetako bilakaerari eutsi zaiola eta osasun zientziek eta ingeniaritzak eta arkitekturak berriro ere goranzko joera izan dutela esan dezakegu.

“Hurrengo ikasturterako aurretiazko izen-emateen mailak agerian utzi du gure gradu ikasketen eskaintza gizartearen beharren araberakoa dela”, azpimarratu du Eva Ferreira errektoreak. “Ez gara eskaintza estatikoaz ari, noski. Izan ere, etengabe egokitzen da bilakaera ekonomikoaren, sozialaren eta kulturalaren arabera. Azken urteotan ezarri ditugun titulazioek eskari maila ona mantendu dute: ingeniaritza biomedikoak, hezkuntzako gradu bikoitzak, adimen artifizialak… Eta gauza bera gertatzen da logopediarekin, datorren ikasturtean abian jarriko dugun titulazioarekin. Euskal gizarteak unibertsitate publikoan konfiantza izaten jarraitzen du eta albiste bikaina da hori”.

8.709 plazako eskaintza

Euskal Herriko Unibertsitatearen 19 fakultate eta eskoletan, guztira 8.479 plaza eskainiko dira datorren ikasturtean eta horiei guztiei UPV/EHUri atxikitako hiru zentroek eskaintzen dituzten hiru graduetako 230 plazak gehitu behar zaizkie: Vitoria-Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskola, Bilboko Merkataritza Ganberako Unibertsitate Eskola eta IMHren Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskola. Datorren ikasturtean, UPV/EHUk 108 gradu eskainiko ditu eta berritasun nagusia Logopediako Gradua izango da. Ikasketa horiek prestakuntza dualeko ibilbidea izango dute eta Gipuzkoako campusean eskainiko da, Psikologia Fakultatean.

Eskaintza berri horrekin, Prestakuntza Dualaren katalogoa hamabi gradukoa izango da. Eredu horrek unibertsitatean eta enpresan egindako irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak bateratzen ditu. Prestakuntza dual horrez gain, ia ikasle guztiek dute Euskadiko enpresetan, erakundeetan, GKE-etan edo elkarteetan kanpo praktikak egiteko aukera. Hala, 2023-2024 ikasturtean, 13.378 praktika egin dira eta haietako % 40 boluntarioak izan dira.

Beste behin, Euskadiko unibertsitate publikoak bere campusetan eskainitako hamabost gradu bikoitzek harrera bikaina izan dute oro har.

Bestalde, aipatu beharrekoa da Euskadiko unibertsitate publikoak oso-osorik ingelesez eskaintzen dituen bi graduek harrera ona izan dutela: Business + Economics gradu bikoitzak (Ekonomia eta Enpresa Fakultatea, Sarrikoko egoitzan) eta Biomedical Engineering (Bilboko Ingeniaritza Eskola). Era berean, Hezkuntza arloko gradu hirueledunen eskaintzak ere eskaera ugari jaso ditu. Horrekin lotuta, gogorarazi beharrekoa da gradu gehienak, bi hizkuntza ofizialetan ikasteko aukera egoteaz gain, ikasgai batzuk ingelesez (843 baino gehiago eskaintzen dira) edo beste hizkuntza batzuetan (212 Inguru) egiteko aukera dagoela.

Bestalde, lau graduk Unibasq-ek emandako nazioarteko aipamena dute. Aipamen hori Unibasq Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak ematen du. Bestalde, UPV/EHUko lau ikasletik batek, bere ikasketetan zehar, gutxienez lauhileko bat igaroko du atzerriko edo Estatuko beste unibertsitate batean.

Uztailaren 15a, matrikularen hasiera

Uztailean matrikulatuko dira deialdi arruntean Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio Proba gainditu zuten Batxilergoko eta Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak, 25 eta 45 urte baino gehiago dituztenak, eta laneko esperientzia duten pertsonak eta tituludunak, besteak beste. Matrikularen lehen aldia uztailaren 15etik 18ra bitarte egongo da irekita. Uztailaren 22an, bigarren deialdiko pertsonek izango dute matrikulatzeko aukera, eta uztailaren 26an, aldiz, hirugarren deialdikoek. Lehenengo deialdiaren ondoren egiten direnetan, aurreko fasean libre geratu diren plazak esleitzen dira, eta azken deialdiak irailean egingo dira.