Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatuko du datorren igandean, abuztuaren 11n, tenperatura oso altuengatik

0
  • Bero-bolada horretan 39-40 ºC-tik gorako tenperaturak izan daitezke Kantauri isurialdearen barnealdean eta Ebroren ardatzean

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatuko du tenperatura oso altuengatik etzi igandeko, abuztuaren 11ko, 13:00etatik 21:00etara bitartean. Tenperaturak kostaldean 36 ºC ingurukoak izan daitezke eta Kantauri isurialdearen barnealdean 39-40 ºC ingurukoak, trantsizio-eremuan 38 ºC-ra irits daitezke eta Ebroren ardatzean 39-40 ºC-ra. Arratsaldean, haizeak mendebaldera eta ipar-mendebaldera egingo du. Haize-aldaketa hori mendebaldetik ekialderantz hedatuko da itsasertzean, eta barnealderantz, eta tenperaturek pixkanaka behera egingo dute barnealdean. Aldaketa horrek, ziur aski, ez du eraginik izango Ebroren ardatzean.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, asteburu honetan goi-presioak Europako kontinentearen barnealdera zabalduko dira, eta Iberiar Penintsularen barnealdean depresio termiko bat sortuko da. Aldi berean, aska txiki bat kokatuko da Iberiar Penintsularen mendebaldean. Egoera horrek eragingo du aire-masa bero bat Penintsularen barnealdetik EAEra mugitzea, eta tenperaturek, beraz, gora egingo dute orokorrean gure lurraldean, muturreko tenperatura maximoen eta tenperatura altu iraunkorren mugak gaindituz.

Horrela, bihar, larunbata, bero handiak batez ere isurialde mediterranioari eragingo dio, eta tenperatura maximoak 35 ºC-tik gora ibiliko dira. Larunbatetik iganderako gauean hego-haizea sartuko da eta indartzen joango da, eta barnealdean bolada zakarrak izan ditzake. Haize horrek gaueko tenperaturak jaistea eragotziko du, eta litekeena da 20-22 ºC-tik ez jaistea.

Igandean, hego-haizearen eraginez, tenperaturen gorakada nabarmenagoa izango da Kantauri isurialdean, eta bero handiak Euskadi osoari eragingo dio. Tenperatura maximoak orokorrean 35-40 ºC inguruan ibiliko dira, baina zenbait lekutan 40 ºC-tik gorakoak ere izan litezke.

Abisua basoko suteen arriskuagatik

Tenperatura altuen, hego-haizearen eta hezetasun erlatibo baxuaren ondorioz, baso-suteak izateko arriskua handia izango da, eta Eusko Jaurlaritzak abisu horia ere aktibatu du arrazoi horrengatik igande osorako.

Gomendioak

Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak Osasun Sailaren autobabeserako gomendioak jarraitzea aholkatzen du.

Era berean, iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta X kontuen (@Euskalmet eta @112_SOSDeiak) bidez, bai eta biztanleria osoari zuzendutako gomendio hauek ere:

  • Ongi hidratatu zaitez! Sarri edan ura eta likidoak.
  • Janari arinak jan: entsaladak, gazpatxoa, barazkiak eta frutak.
  • Arropa lasaia, arina eta arnasa hartzen uzten duena erabili.
  • Saiatu kalera ez irteten eta jarduera fisikoa ez egiten bero handiena egiten duen orduetan.
  • Irteten bazara, burua estali eta itzaletik ibili.
  • Etxea fresko eduki, eta pertsianak jaitsi eta leihoak itxi bero handieneko orduetan.
  • Bero handia sentitzen baduzu, freskatu gorputza, aurpegia eta eskuak ur freskoarekin.
  • Botikak toki freskoan gorde.
  • Arreta berezia eskaini haur txikiei, adingabeei, adinekoei, haurdun dauden eta bularra ematen ari diren emakumeei eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei.
  • Bisita itzazu zure inguruko adineko pertsonak, bereziki bakarrik bizi badira.
  • Inoiz ez utzi pertsona bat edo animalia bat aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu baten barruan, itzalean egonda ere.
  • Ordubetean baino gehiagoan luzatzen diren eta beroarekin zerikusia duten sintomak sentituz gero, osasun-laguntza eskatu eta leku fresko batean egon.
  • Norbaitek konortea galdu badu eta botaka egiten badu, burua albo batera begira jarri eta arnasa hartzeko bideak libre utzi.
  • Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.

BetiONek erabiltzaileen jarraipena areagotu du

BetiON, Euskadiko telelaguntza-zerbitzu publikoa, erabiltzaileen jarraipen-deiak areagotzen ari da dagoeneko, 77.300 inguru, tenperatura altuen ondorioak prebenitzeko, bereziki bakarrik bizi direnenak.

Aldi berean, BetiONek jarraipen berezia egiten die adinez nagusienei, desgaituei edo mendekotasunen bat dutenei, eta beroaldian gorputza behar bezala hidratatzeak duen garrantziaren berri ematen du, deshidratazioa baita 65 urtetik gorako pertsonen ospitaleratzearen arrazoi ohikoenetako bat. Horregatik, adineko pertsonei gogorarazten zaie likidoak, bereziki ura, etengabe eta erregulartasunez kontsumitu behar dituztela, baita egarri ez izan arren ere.