Donostian izan den azken erasoaren aurrean egiten dugun adierazpen instituzionala

0

Asteburuan Donostian izan den erasoaren aurrean

Azken orduetan Donostian izan den erasoaren aurrean Udalak honako hau adierazten du:

1.-

    • Udalak erabateko irmotasunez gaitzesten du gure bizilagunak jasandako erasoa. Gure hirian gertatutako emakumeen aurkako indarkeriak eragindako beste gertaera bat izan da, are larriagoa adin txikikoak bertan izanik.

2.- Babesa eta elkartasuna adierazi nahi dio eraso tamalgarri honen biktimari, bai eta bere familia eta hurbileko ingurukoei ere. Udalak indarkeria-egoerak pairatzen dituzten edo pairatu dituzten emakume guztiei jakinarazten die laguntza behar eta nahi izanez gero Udalak dituen zerbitzu eta baliabideetara jo dezaketela.

3.- Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik gertatzen diren emakumeen aurkako indarkeria jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta Udalak guztiz gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela.