Ironchip, geolokalizazio-adimen artifiziala zibersegurtasunaren zerbitzura

0

Ironchip 2017an sortu zen, merkatuan dagoen behar kritiko bati erantzuteko: Interneteko erabiltzaileen nortasuna modu hautsiezinean babesteko. Julen Martínezek, Ironchip-eko CEOak, azaldu duenez, “identitateak ordezteko gai den adimen artifizialaren etorrerarekin, autentifikazio-faktore sendo ugari izatea nahitaezkoa bihurtu da”. Enpresak uhinetan eta adimen artifizialean oinarritutako lokalizazio-teknologia garatu du, GPSaren eta IParen mugak gaindituz, “ez baitira oso zehatzak eta erraz faltsutu baitaitezke”. 

Ironchip zibersegurtasuneko produktuak fabrikatzen dituen enpresa da, eta bi lan-ildo oso zehatz ditu. Horietako bat identitate digitalaren babesa da (‘Ironchip Identity Platform’), eta bestea, finantza-sektoreko iruzurraren detekzioa (‘Ironchip Fraud Detection’). Biek ‘core teknologikoa’ dute oinarri, sarbideak kudeatzeko eta identitateak babesteko plataforma aurreratu batekin, kokapenerako adimen artifizialean oinarrituta. Plataforma horrek segurtasun-politika berritzaileak konfiguratzea ahalbidetzen du, nortasunak ordeztea eta babestutako zerbitzuetara baimenik gabe sartzea saihesteko. “Teknologia berritzaile honekin, Ironchip produktuak oso eraginkorrak dira profil aurreratuko anomalia zibernetikoak prebenitzeko eta detektatzeko”, adierazi du Martínezek. 

Gainera, enpresak mahaigain zerbitzu bat garatzen ari da barneko aplikazioetara gailu gehigarririk behar izan gabe sartzeko. Horrela, nortasuna ekipotik bertatik balidatu daiteke, eremu seguruetan. Era berean, bezeroen eskura jartzen du Windows, Linux edo Mac-eko saio-hasiera babesteko zerbitzu bat, informazio sentikorra duten ekipoak erabiltzaile bakar bati lotutako faktore bikoitz batekin babestuta gera daitezen, baita Autentifikazio-faktore anitz batekin ere, Ironchip bidez babestutako zerbitzuetara sartzen diren erabiltzaileen nortasuna baliozkotzeko. 

Enpresaren bezeroen profila oso zabala da, baina guztiek partekatzen dute aktibo digitalak dituztela eta manipulatzen dituztela. Erabiltzaile asko dituzten finantza-erakundeekin eta industriekin lan egiten du. “Gaur egun, estatuko 10 banku handienetako 4k konfiantza dute Ironchipengan”, azpimarratu du Martínezek. Eta finantza-sektoretik kanpo, ia erabat sartu da Mondragon Korporazioan. Horrek Euskadiko enpresa garrantzitsuenetako batzuk biltzen ditu, eta zerbitzu guztiak ematen dizkie. Gainera, iaz, Europa osoan eta Latinoamerikan hedatzen eta merkaturatzen hasi zen, batez ere Mexikon. 

Etorkizunari begira, merkatuan tokiko zibersegurtasunaren erreferente garrantzitsuena izatea du helburu. “Eredu izan nahi izateaz gain, gure fokua Euskaditik nortasun digitalaren sektorean paradigma berri bat eraikitzean datza”, ondorioztatu du Martínezek. 

Eusko Jaurlaritzak zibersegurtasuna bultzatzen du euskal enpresetan, gai horri buruzko ehun ekonomiko bat sortuz, SPRIk artikulatua.