Donostiak Udaltzaingoaren 175 urteak ospatzen ditu

0

Erakusketak, Udaltzaingoaren historiari buruzko hitzaldiak eta oroitzapenezko logo bat sortzea dira urteurren honetarako programatutako ekintzetako batzuk

Donostiako Udaltzaingoak hainbat ekitaldi eta ekintza antolatu ditu datozen hilabeteetarako, zerbitzuaren 175 urteak ospatzeko helburuarekin. Urteurren hori otsailaren 6an bete zen.

Programatutako ekitaldien artean azpimarratzekoak dira:

  • Datorren ostegunean, irailak 12, 17:30ean Okendo Kultur Etxean hitzaldiak egingo dira. Horietan, Javier Sadak Donostiaren sorreratik XX. mendearen hasierara arteko historiaz hitz egingo du, hiriko biztanleen segurtasunaren zenbait alderdiri erreferentzia eginez; José Manuel Etxanizek Udaltzaingoa sortu aurreko zaindariei, aguazilei eta gauzainei buruz hitz egingo du, eta Patxi Encinasek Udaltzaingoari buruz hitz egingo du, bere sorreratik gaur egunera arte.
  • Egun horretatik aurrera, irailaren 12tik 28ra arte, 30 irudiz osatutako argazki-erakusketa bat egingo da Garberan, 1889-1980 aldia hartuko duena, eta urte horietako Udaltzaingoaren historia erakutsiko duena.
  • Zerbitzuarekin lotutako beste erakusketa bat «Txispak eta Udaltzaingoa» izenekoa izango da, irailaren 20tik azaroaren 20ra Okendoko Kultur Etxean. Bertan, Adolfo Luzuriaga «Txispas» kazetari eta ilustratzaileak Udaltzaingoa eta bere jarduera ardatz duten bineten aukeraketa bat erakutsiko du.

Jarduera horiez gain, barnekoagoak ere egingo dira, hala nola xakeko eta polizia-tiroko txapelketak, Udaltzaingoa osatzen duten pertsonen familientzako haur-jardunaldia edo Eneko Goia alkatearen harrera.

Oroitzapenezko logoa

Eta efemeride hori gogoratzeko asmoz, horretarako bereziki diseinatutako logotipo bat sortu da. Oroitzapenezko irudi honetan, Udaltzaingoaren armarriari «175 urte/años» legenda gehitu zaio, eta hemendik aurrera bereizgarria duten polizia-baliabideetan jartzea aurreikusten da.