Eusko Jaurlaritzak LHko ikasleen ideia ekintzaileak bultzatzen ditu

0

Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketako azken mailako ikasleen artean kultura ekintzailea sustatzeko dirulaguntzen deialdia onartu du gaurko Gobernu Kontseiluan. Etapa horretan, ikasleek sektoreari buruzko beharrezko ezagutza teknikoa dute, eta negozio-ideia bat garatzeko gai dira irakasleen laguntzaz. Modu horretan, negozio-ideiak (produktuen edo zerbitzuen prototipoak) garatzen dituzten enpresa-simulazioko proiektuak sortzen dira.

Kultura ekintzailea sustatzea da Lanbide Heziketaren helburuetako bat. Ikasleen artean trebetasun ekintzaileak sustatzeko gaitasun profesionalak eta pertsonalak indartzea, aldi berean, haien prestakuntzaren zutabeetako bat da.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak deitutako laguntza honek 166.000 euroko inbertsioa dakar, eta ikastetxe bakoitzeko gehieneko zenbatekoa 10.000 eurokoa da.

Euskadiko LHn egindako lanari esker, ohikoa da ikasleek urtean 70 enpresa baino gehiago sortzea. Ikasleek euren ikastetxeetatik lan egiten dute, eta ikastetxeetako irakasleen monitorizazioa eta laguntza dute. Lanbide Heziketaren apustuari esker sortutako enpresen biziraupen-tasa % 70era iristen da.

Ikasgeletan ekintzailetzari emandako bultzadak gaitasun eta jarrera zehatzak lantzeko aukera ematen du; berrikuntza, sormena, autonomia, autokonfiantza, erantzukizun-sena, ekimena… dira ikasleek, euren proiektuak LHko ikastetxearekin eta irakasleekin batera abian jarriz, bereganatzen dituzten ezaugarriak.

Gizarte-kohesioko eta jasangarritasuneko irizpideekin lerrokatutako negozio-ideiak

LHko ikasleek garatzen dituzten ideiek berrikuntzarekin, Garapen Jasangarriko Helburuekin eta ekonomia sozialeko balioekin bat datozen irizpideak bete behar dituzte. Ikastetxeetatik honako alderdiak garatzeko bideratzen dira proiektuak:

  • Teknologia aurreratuen erabilera bultzatzea. Hala nola, digitalizazioa (errealitate birtuala, errealitate areagotua, adimen artifiziala, etab.), konektibitatea, robotizazioa eta automatizazioa, zibersegurtasuna, datuen analisia.
  • Jasangarritasuna lantzea: energia-efizientzia, ekonomia jasangarria, ekonomia zirkularra, osasuna 4.0, Biozientzia eta Bioteknologiak, etab.
  • Industriaren eta/edo zerbitzu aurreratuen sektoreari laguntzea.
  • Garapen Jasangarriko Helburuen garapenarekin eta/edo ekonomia sozialaren balioekin lerrokatuta egotea.
  • Aniztasuna eta bazterketa-arriskuan dauden kolektiboak gizarteratzen laguntzea, edo pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko gizarte-osagai bat izatea.
  • Genero-rolak eta -estereotipoak ez errepikatzea eta/edo emakumeen ekintzailetza sustatzea.
  • Proiektuaren garapenean euskara erabiltzea.