Etorkizuneko Klima Aldaketaren planean parte hartzearen garrantziaz kontzientzia sortu nahi da Zarautzen

0

Zarauzko Udaleko Ingurumen sailak partehartze prozesu berri bat jarri du abian. Prozesu honen bitartez, etorkizuneko Klima Aldaketaren planean parte hartzearen garrantziaz kontzientzia sortu nahi da. Egitasmo honen baitan, hainbat ekimen antolatu dira.

Kanpaina datorren asteazkenean, irailaren 25ean, hasiko da, 18:30ean Modelo Aretoan izango den hitzaldiarekin. Bertan, Odile Rodríguez de la Fuente ingurumen dibulgatzaile ezaguna izango da.

Hitzaldi honez gain, datorren urriaren 9an eta 23an, bi World Cafe gauzatuko dira. Dinamika partehartzaile hauetan, zarauztarrek euren ideiak, gomendioak eta proposamenak egin ahal izango dituzte Udalaren ingurumen politikei aportazioa egiteko. Parte hartzeko beste aukera bat urriaren 20an Malekoian jarriko den karpara gerturatuta izango da, non informazioa jasotzeaz gain ekarpenak ere egin ahal izango diren. Saio horien helburua da herritarrei entzutea eta parte-hartzaileen ekarpen zehatzak jasotzea. Ekarpen horiek txosten batean bilduko dira, eta txosten hori aztertu egingo da, etorkizuneko Klima Aldaketaren planean kontuan har dadin.