Euskadiko enpresek nazioartekotzeari buruzko aholkularitza jaso ahal izango dute 24 herrialdetan

0

Euskadiko enpresek Basque Trade & Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziako profesionalekin elkartzeko aukera izango dute 24 herrialdetan, atzerrian negozioak sustatzeko. Topaketak 30 minutukoak izango dira eta azaroaren 4an, 5ean eta 6an egingo dira hiru lurraldeetan.

Hala, 4an Donostiako Kursaalen izango dira bilerak; 5ean Zamudioko Bizkaia Parkeko eraikin nagusian eta 6an, Miñaoko Arabako Parkean.

Basquetrade International Meetings izeneko topaketak nazioartekotzean interesatuta dagoen edozein enpresari daude zuzenduta, haien etapa edozein izanik ere. Aholkularitzaren xedea izango da negozioaren eskaintza atzerriko merkatuetan txertatzea, tokiko arauak azaltzea, herrialde horietan proiektu berriak hastearen bideragarritasuna lantzea, kontaktu garrantzitsuak egitea esaterako bezeroekin, agente komertzialekin edo hornitzaileekin eta negozio-aukerak aztertzea.

Herrialde hauei buruzko informazioa eta aholkularitza eskainiko da: Alemania, Argentina eta Uruguai, Australia, Brasil, Kanada, Txile, Txina, Kolonbia, Korea, Estatu Batuak, Frantzia, India, Italia, Mexiko, Japonia, Polonia, Txekiar Errepublika eta Eslovakia, Erresuma Batua eta Irlanda, Singapur (ASEAN) eta Turkia.

Sektore hauei buruz hitz egingo da besteak beste: automobilgintza eta eraldaketa metalikoa, makina-erreminta eta sektore aeroespaziala, biozientziak, osasuna eta elikadura, energia eta ingurumena, teknologia elektronikoa eta ezagutza aplikatua edo trengintza.

Euskadiko enpresek aukera izango dute beren intereseko nazioarteko merkatuetan jarduten duten profesionalei zuzenean hitz egiteko eta, hala, zalantzak argitu eta beren produktuen edo zerbitzuen nazioartekotzeari buruzko interes espezifikoak planteatu ditzakete. Adituekin harreman zuzena izateak abantaila estrategikoa ematen du hedapen sendo eta arrakastatsua planifikatzeko.

20 urtetik gorako esperientziari eta bulegoen eta sektoreko adituen sare globalerako sarbideari esker, Nazioartekotzeko Euskal Agentziarekin egiten diren bilerak ingurune ezin hobea dira funtsezko harremanak ezartzeko eta negozio-aukera berriak ezagutzeko.