2025eko aurrekontu proiektua aurkeztu da

0

Donostiako Udalak 517.493.047 euroko aurrekontu kontsolidatua izango du, hau da 2024an baino %6,76 handiagoa

Donostiako alkate Eneko Goiak, Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotzi Kerman Orbegozok eta Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzi Ane Oyarbidek aurkeztu dute aurrekontu-proiektuaren zirriborroa, Tokiko Gobernu Batzarrak onartu aurretik. Behin onartuta, Ogasun Batzordean emango dira aurrekontu-proiektuaren gaineko azalpenak. .

Gastu arruntaren igoera

Gastu arrunten gaineko aurrekontu-sailen handitzeak eragin du gehienbat aurrekontu kontsolidatuaren igoera. Hortaz, Kerman Orbegozok zehaztu du, Pertsonal-Gastuari bideratutako aurrekontu-sailak %5,37 handitu direla, eta horien artean azpimarratu behar dela langileen soldatak %2,5 handituko direla, lanpostuen balorazioa 2,43 milioi eurotan handituko dela, eta 14 funtzionario lanpostu berri sortuko direla (6 mugikortasun agente, 6 psikologo komunitario eta 2 langile Kontsumitzailea Informatzeko Udal Bulegoan).

Gizarte gastua

Orbegozok honakoa azaldu du: “Aurrekontu proiektua eginda dago gehien behar duten pertsonei laguntzen jarraitzeko. Horren harian, Gizarte Zerbitzuetako aurrekontua iaz baino handiagoa da, eta guztira departamentuak 37,4 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du. Igoera honen arrazoia da gastu korrontea 1,9 milioi euro handituko dela zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko kontratuen hitzarmen berriak eta 6 psikologo komunitario gehiagoren kontratazioa direla-eta.

Arraindegia eraikinaren birgaitzea eta transformazioa

Ekonomia eta Bertako Enpleguko zinegotzi Ane Oyarbidek azpimarratu du, aurrekontu-proiektuak behar diren aurrekontu-sailak aurreikusten dituela Bertxako Arraindegia eraikineko birgaitzearekin eta transformazioarekin jarraitzeko, eta honakoa gaineratu du: “Irailean Donostiako Sustapenak bere gain hartu zuen merkatuaren esleipena, kudeaketa eta gelditzen diren obrak egiteko ardura. Horretarako Udalak 6,48 milioi euro bideratuko ditu hiru urtetan Donostiako Sustapenak behar diren lan horiek egiteko”.

Mugikortasun jasangarria

Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotziak azpimarratu du, aurrekontu proiektuak beste urtebetez erakusten du mugikortasun jasangarriaren alde egiten dugun apustu sendoa, izan ere, Dbusi ekarpen handiagoak eginez, Mugi txartelaren deskontuen sistema mantentzeko.

Etxebizitza eta Hirigintza

2025eko aurrekontu-proiektuak, halaber, inbertsio handiak aurreikusten ditu Hirigintza eta Etxebizitza arlotan. Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotziak segidakoa nabarmendu du: “Hirigintzak 12,1 milioi euroko aurrekontua izango du hasitako garapenekin jarraitzeko edo berriak hasteko, eta Donostiako Etxegintzak 70,8 milioi euro bideratuko ditu hurrengo lau urteetan 282 Babes Ofizialeko Etxebizitza eta 38 zuzkidura-apartamentu egiteko.

Hiri proiektuak, Mantentze-zerbitzuak, Segurtasuna eta Suhiltzaileak

2025eko aurrekontu-proiektuak inbertsioetarako 100 aurrekontu-sail baino gehiago aurreikusten ditu, eta horiei esker, besteak beste, martxan dauden garapen urbanistikoekin aurrera jarraituko da. Inbertsioei buruz, Kerman Orbegozok honakoa adierazi du: “Udalaren finantza-egoera onari esker, Udalak inbertsioak egiteko duen gaitasuna bermatuta dago”.

Bestalde, Oyarbidek adierazi du, hiria zaintzea eta hobetzea dela aurrekontu honetako ardatzetako bat, eta ondorioz, Hiri-mantentze eta zerbitzuetarako departamentuaren aurrekontua 1,4 milioi euro handiagoa izango da, eta guztira 105,4 milioi euro kudeatuko ditu helburu horrekin betetzeko jarduerak eta proiektuak gauzatzeko.

Era berean, Udaltzaingora eta Prebentzio, Su-Itzalketa eta Salbamendu zerbitzura bideratutako aurrekontuak %5,8 eta %6,6 handituko dira. Horri esker, donostiarrei ematen dieten zerbitzua hobetzeko materiala erosteko eta instalazioen ekipamendua hobetzeko aukera izango dute, baita zerbitzu berrien proiektua egiteko ere, hain zuzen ere, Egiako polizia-etxea.