Barakaldok Hiriko Soinuak eta Bunker azokaren eskaintza finkatu du seigarren edizio honetan, kritika bikainak jasota

0

Hiriko Soinuak-en seigarren edizioak ateak itxi zituen joan den igandean, arratsaldeko hiruretan, Bunkerren hirugarren eta azken jardunaldiaren amaierarekin batera. Musika eta emozioei buruzko azoka hau talde berrientzako lehiaketaren eta ondorengo finalaren, eta Herriko plazan egiten den doako festibalaren osagarra da.

2024. edizioak 4.500 pertsona inguru bildu ditu (2022 eta 2023koen antzeko estimazioa) doako musikaldian, urriaren 25ean, ostirala, eta 26an, larunbata, Barakaldoko Herriko plazan. Derby Motoreta’s Burrito Kachimba, Lagartija Nick, Ana Curra eta The Bo Derek’s izan dira aurtengo edizioko 4 izen handiak, eta festibalak Hiriko Soinuak lehiaketaren seigarren edizioko talde eta bakarlari irabazleak publiko zabal baten aurrean aurkezteko balio izan du berriz ere: Deep Sea Monk, DeBuk, Edgar Allan Pop eta Erromintxelak. Datu hauei joan den irailaren 28an Barakaldoko San Bizente parkean izan zen finalera etorritako 500 pertsona inguru batu behar zaizkie.

Bestalde, Bunkerrek Estatu osotik etorritako gonbidatuak hartu ditu: Zaragoza, Logroño, Madril, Granada, Sevilla, Vigo, eta, nola ez, Ezkerraldetik -Barakaldo eta Santurtzi- eta Euskadiko beste leku batzuetatik etorritakoak (Getxo, Gasteiz). Artistak, sortzaileak, argitaletxeak, diskoetxeak, disko-dendak, liburu-dendak, kazetariak, argazkilariak… lau egunetan zehar publikoarekin harremanetan jarri direnak azokako hamar stand, bost solasaldi, tailer bat eta bi kontzerturen bitartez. Eguraldiak lagundu ez duen arren, Bunkerrek etengabe izan du zaleen joan-etorria bere hiru egunetan, bereziki solasaldietan eta kontzertuetan.

Nolanahi ere, Hiriko Soinuak ekimenaren seigarren edizio honetako gauzarik garrantzitsuena ez dira zifrak izan, baizik eta publikoak eta komunikabideek sare sozialen bidez eta, aurrez aurre, ekitaldian zehar helarazi dituzten kritika onak. Bunker Hiriko Soinuaken osagarri gisa sendotzen da komunitate txiki bat sortzeko orduan, non publikoak eta artistek musikarekiko duten grina gertutasunetik eta elkarri dioten estimutik partekatzen duten.

«Asteburu honetan Hiriko Soinuakera eta Bunkerrera joan direnen aldetik jaso ditugun iruzkinek proiektu honen aldeko apustua berresten dute. Kontzertuen mailak, Bunkerren jaso dugun kalitatezko eskaintza zabalak, artisten adeitasunak eta hurbiltasunak eta zaleen harrera onak poztasun handia sortu dute asteburu honetan modu batera edo bestera parte hartu dugun pertsona guztiengan, musikarekiko lotura emozionala berriro ere erdigunean jarri baitu. Horri hirugarren urtez jarraian asistentzia-zifrak mantentzen ditugula eta lehiaketako parte-hartzearen errekorra berriro hautsi dugula gehitzen badiogu, balorazioa ezin da hobea izan. Gure ustez, Hiriko Soinuak eta Bunker Barakaldoko merkataritzaren eta ostalaritzaren sustapen ekonomikorako eta kulturaren sustapenerako tresna ezin hobea dira, eta bagaude 2025eko edizioan lanean», adierazi du Jonathan Martin Barakaldoko Udaleko Gazteria zinegotziak.

HIRIKO SOINUAK 2024

FESTIBALA

  • 8 kontzertu
  • Bi egunen artean 4.500 pertsona bertaratu direnaren estimazioa

FINALA

  • 9 kontzertu
  • 500 pertsona bertaratu zirenaren estimazioa

LEHIAKETAN PARTE HARTZEA

  • Errekor berria (143 artista)
  • %40ko hazkundea 2019tik
  • %26, parte-hartzaile berriak

BUNKER

  • 3 jardunaldi
  • 10 stand, 5 solasaldi, tailer bat, 2 kontzertu, argazki-erakusketa bat…

Informazio gehiago: