PRUEBA
Euskadiko enpresen ordezkaritza bat Hego Koreara joan da aste honetan, Basque Trade & Investment-ek (BasqueTrade), SPRI Taldean integratutako euskal enpresak nazioartekotzeko agentziakEnergiaren Klusterrarekin lankidetzan antolatutako misio baten baitan. Bisitaren helburu nagusia eskualdeak energiaren esparruan duen potentziala ezagutzea izan da, bereziki itsasoko energia eoliko flotatzailean. Izan ere, sektore horretan berrikuntza, esperientzia eta nazioarteko proiekzioagatik nabarmentzen da Euskadi.
Seulgo BasqueTrade bulegoak itsas energia eolikoaren sektoreko hainbat euskal enpresarekin lan egin du, eta, Euskadiko BasqueTrade-ko talde tekniko espezialistarekin lankidetzan, bilera, txosten eta bisita agenda oso bat antolatu du itsas industria eolikoaren garapenean funtsezkoak diren enpresa korearrekin.
Misioan zehar, bisitatutako enpresa eta erakunde korearrek Ditrel, Glual, Iberdola, Liftra eta Vicinay bezalako euskal konpainia garrantzitsuen ordezkariekin biltzeko aukera izan dute. Gainera, topaketetan eragile estrategikoak bildu ziren, hala nola Energiaren Euskal Klusterra-Basque Energy Cluster, Euskadik energia berriztagarrian duen irismena eta nazioarteko lankidetza nabarmendu zituena, baita sektorearen garapenean lan egiten duten tokiko erakundeak ere.
Topaketa horien bidez, Hego Koreak eta Euskadik, itsas energia eolikoaren sektorea garatzeko funtsezko fasean daudenez, ukerak identifikatu ahal izan dituzte lankidetzan aritzeko eta bi eskualdeen esperientzia zabala eta gaitasun teknologikoak baliatzeko. Euskal eskualdeak, industria-tradizioa eta energia berriztagarrien espezializazioa konbinatzen dituen ekosistema batekin, sektore korearraren hazkundean lagun dezaketen irtenbideak eskaintzen ditu, bereziki plataforma flotatzaileetan, eragiketetan eta mantentze-lanetan eta osagai aurreratuetan.
Koreako sektore eolikoa goraldian dago: 70 proiektu baino gehiago garatzen ari dira, eta iturri berriztagarrietarako trantsizioa bizkortzeko helburua dute. Testuinguru horretan, EAEko enpresa-sarearen ezagutza teknikoa eta nazioarteko esperientzia aliatu estrategiko potentzialak dira erronkak gainditzeko eta eredu jasangarriago baterantz aurrera egiteko.
Misioak aldebiko harremanak sendotzeko eta hirugarren merkatuetan elkarlan posibleak aztertzeko ere balio izan du, itsasoko energia eolikoaren teknologiak hedatzen ari baitira. Truke horrek indartu egiten du Euskadi energia berriztagarrien arloan munduan erreferente izatea, eta, gainera, aukera berriak irekitzen dizkie bi eskualdeei energia-etorkizun global jasangarriago eta lehiakorrago bat eraikitzeko.