Zarauzko Emakumeen Etxearen ekimenak

0

Gabonetako geldialdiaren ondoren, Emakumeen* Etxearen jarduna bueltan da eta 2025 urte honen lehen erdirako antolatu dituen ekimenen berri eman du. Alde batetik, Jabetze Eskolako ikastaroetan izena emateko epea zabaldu du (azken eguna urtarrilaren 20a).

Aurtengo ikastaroetan barne mundua aztertuko da Margi Egigurenekin argazkigintzaren artearen bidez, osasun fisiko eta mentala landuko da Marta Kaperotxikirekin egindako Txi-kung ikastaroaren bidez; surfaren hastapen ikastaro bat eskainiko da Emakumea Surflaria elkartearen eskutik; mugak jartzen ikasiko da Leire M.B.rekin eta Emuna Aukarekin, eta eskalatzen Sonia Casas Torcida Rocaliarekin.

Jabetze Eskolaz gain, Emakumeen* Etxean emakume migratzaileentzat topagune bat antolatu da, Apapacharte izenekoa, Susana Esparzaren eskutik. Espazio honetan bi sormen saio garatuko dira, “Haciendo Buenas Migas” eta “Dibujarte”, martxoaren 15ean eta 22an, hurrenez hurren.

Hiru hitzaldi ere eskainiko dira: “La importancia del suelo pélvico”, martxoaren 10an, “Menopausia erosoa nutrizioaren bidez”, maiatzaren 14an, eta “Hipersexualización de nuestros cuerpos: pornografía y prostitución”, maiatzaren 27an. Azkenik, apirilaren 3an, Dorleta Kortazarrek «Ispiluak» ikuskizuna eskainiko du.

Jabetze Eskolako ikastaroen eta gainontzeko ekimenen inguruko informazio guztia Emakumeen* Etxeko webgunean (www.emakumeenetxea.zarautz.eus) zein bertan eskuratu daitezkeen eskuorrietan aurki daiteke.