Kultura garaikideaz gozatzeko eta hura ulertzeko gune berritu bezala bueltatuko da Rekalde Aretoa

0

Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak eta Alicia Fernández Rekalde Aretoko zuzendariak Rekalde Aretoaren espazio berritua erakutsi dute gaur. Azken obrak egiten ari dira egun hauetan, berriro ireki baino lehen. Izan ere, 2025eko urtarrilaren 27an egingo da inaugurazio-ekitaldia, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia buru dela.

Rekalde Aretoak sarrera berria izango du Bilboko Iparragirre kaleko 21. zenbakitik, eta berritutako instalazioek 1.000 metro koadro baino gehiago hartuko dituzte. Azalera horretatik, 800 metro koadro erakusketa-espazioak izango dira. Kulturaren arloarekin lotura duten hainbat eragilerekin ia hiru urtez hausnarketa-prozesu bat egin ondoren, Rekalde Aretoak instalazio hobeak dituela zabalduko ditu ateak berriro, jomugatzat jarrita etorkizuneko erronka berriei aurre egitea eta errealitate artistiko eta kultural desberdinetara egokitzea.

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak adierazi zuenez, etapa berri honek aldaketa dakar bai espazio fisikoari dagokionez, bai Rekalde Aretoak Bilborako, Bizkairako eta euskal arterako duen garrantziari dagokionez. Esan zuenez, eraldaketa honen bitartez, artea guztiongana hurbiltzea lortu nahi da, formatu guztietan eta artearen lengoaia guztietan. «Rekalde Aretoa, batez ere, zerbitzu eta espazio publikoa da, doakoa eta guztion eskura dagoena», gaineratu zuen.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Rekalde Aretoak ateak zabalduko ditu berriro ere jendea sartzeko, eta ikuspegi berrituarekin eta gaur egungo praktika artistikoak gizartera hurbiltzeko konpromiso sendoarekin egingo du. Urtarrilaren 28tik aurrera, bisitatzen duten pertsonek 12 eguneko inaugurazio-programazioa izango dute gozatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko eraldatu den espazioaren aukerak ezagutzeko. Berriro irekitzen denean, ordutegia berria izango du ere: asteartetik larunbatera, 11:00etatik 15:00etara eta 16:30etik 20:0etara; igande eta jaiegunetan,10:00etik 15:00etara.

Iparragirre kaleko 21. zenbakian duen sarbide berriari esker, Rekalde Aretoak indartu egingo du hiriko eta Bizkaiko gainerako kultura-eskaintzarekin duen lotura. Aldaketa horrek aldaketa dakar haren proposamenean ere, eta Rekalde Aretoa artisten lana ezagutzeko eta lan horretaz gozatzeko eta sakon elikatzeko lekua izango da. Ildo horretan, Rekalde Aretoaren xedea da euskal arte garaikidearen erakusleiho izatea; goraka ari den eszenarako abiapuntua izan nahi du, baita jada nolabaiteko ibilbidea duten artistentzako eta ibilbide artistiko finkatua duten artistentzako espazioa ere.

Zentroak erreferente izaten jarraitzen du euskal arte garaikidearentzat, baina orain ikuspegi berritua du bitartekaritza eta arte-hezkuntza ardatz hartuta. Rekalde Aretoak programazio inklusiboaren aldeko apustua egiten du, ikus-entzule guztiek aukera izan dezaten erakusketa, jarduera eta proposamen hezigarriez gozatzeko eta haietatik ikasteko, parte-hartzeko dinamiken bidez, artisten esperientzien bidez eta haiekin izandako elkarrizketen bidez. Helburua da jendeari tresnak ematea arte garaikidearekin erlazionatzen ikasteko eta, hala, arte garaikidea benetan eskuragarri dagoela bermatzeko.

Ezagutzeko eta errekonozitzeko lekua
Rekalde Aretoa berriz irekitzeak hasiera emango dio ziklo bati, zeinean arte garaikideaz gozatzeko eta ikasteko espazio gisa finkatuko den; artistak, publikoa eta kultura-sektoreko profesionalak elkartuko dituen lekua izango da. Kultura tresna eraldatzaile gisa sustatzeko helburuarekin, aretoak elkarteekin, ikastetxeekin eta hainbat kolektiborekin lan egiten jarraituko du, artearen formak eta lengoaiak modu eskuragarrian eta hezigarrian helaraziko dituen kalitatezko bitartekaritza eskaintzeko.

Euskal Herriko artistak babestuko ditu
Ibilbide profesional finkatua duten artistentzako espazio bat eskaintzeaz gainera, Rekalde Aretoa erreferente izango da artista berrientzat, eta haien hazkundea eta ikusgarritasuna bultzatuko du. Era berean, jada nolabaiteko ibilbidea duten artisten lana erakusteko espazioa izango da.

Bizkaiarekin eta munduarekin konektatuta
Rekalde aretoa Bizkairantz hedatzen da ere, lurraldeko udalerriekin harremana ezarri nahian. Aretoak zeregin garrantzitsuagoa izango du euskal arte garaikidea tokian-tokian zein nazioartean hedatzeko plataforma gisa.

Etapa berri honetan, Rekalde Aretoak berretsi egiten du bere izaera: espazio publikoa, irisgarria eta doakoa, pertsona guztiei irekia, non arte garaikidea ikasteko, gozatzeko eta hausnartzeko bidea baita.

Inaugurazio-programazioa

Inaugurazio-jardueren programa urtarrilaren 28tik otsailaren 9ra gauzatuko da.  Aretoaren programazioak bitartekaritza-jarduerak, ekintza artistiko bereziak eta arte-diziplina desberdinei lotutako ekintzak izango ditu.

Jarraian, programazio berezi hori osatzen duten ekitaldiak zehazten dira:

Urtarrilaren 28a, asteartea
11:00 – Zer soinu du Rekaldek? – Talde itunduentzako bitartekaritza-jarduera. Parte-hartzaileek aukera izango dute erakusketa-espazioa zentzumenen bidez ezagutzeko. Proposamen dinamiko honek irudiz eta soinuz osatutako ibilbide bat proposatzen du, eta parte-hartzaileak espazioaren esplorazio- eta pertzepzio-prozesuaren protagonista bihurtuko ditu. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.

17:30 – Rekalde Aretoa proiektuaren aurkezpena: espazioaren ikuspegi berriaren aurkezpena.

18:00 – Lanean Rekalde en obras lanaren proiekzioa. EITB Mediak ekoitzitako lana da eta, espazioa eraldatzeko obra egin den bitartean, zenbait artistak Rekalde Aretoan garatu duten sorkuntza-prozesua erakusten du.

Urtarrilaren 29, asteazkena
09:00 – ONDARHez II. Topaketa. Euskal Ondare hezitzaileen Elkartea; prestakuntza-saioa, Amaia Fernández de Bobadillarekin: «Justizia soziala eta aniztasuna ondare-hezkuntzari aplikatuta». Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.

18:00 – Sua performancea, Jose Pablo Arriaga eta Garazi Etxaburu artistena. Performance honek suntsipenetik berpizteko gaitasuna esploratzen du, eta iragana eta orainaldia konektatzen ditu eskultura, dantza eta ekintza uztartzen dituen antzezlan baten bidez. Suak eraldaketa eta berpizkundea sinbolizatzen ditu.

Urtarrilaren 30a, osteguna
11:00 – Zer soinu du Rekaldek? – Talde itunduentzako bitartekaritza-jarduera. Proposamen honek espazioa ikuspegi sentsorial batetik aztertzen jarraitzeko aukera ematen du. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.

18:00 – Ibon RGk eta Garazi Navasek Hormen kontra. Pareten alde aurkeztuko dute. Lan horrek omenaldia egiten die, soinuen bidez, Rekalde Aretoan bizi eta esperimentatu izan diren obra guztiei, eta ateak berriro irekitzeko unea aretoko paretei eskainitako kantu bihurtu du, etorriko diren emozio guztien aurrerapen gisa.

Urtarrilaren 31, ostirala
11:00 – Zer soinu du Rekaldek? – Talde itunduentzako bitartekaritza-jarduera. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.
18:00 – Lanean Rekalde en obrasJorge Isla/522/Igor Rezola/Obrador, tokiko sortzaileen topaketa artistikoa erakusketa-espazioan.

Otsailaren 1a, larunbata
11:30 – Tailerra familian [4-11 urte] – Hutsa zeharkatu. Tailer honetan, familiak espazioan zehar ibiliko dira, hutsarekiko harremanean zentratuko dira eta gelan zehar nola mugitzen garen aztertuko dute. Jardueraren helburua da espazioaren pertzepzioa piztea eta talde-lana sustatzea. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.
18:00 – Fashion Show – IED Kunsthal Bilbao. IED Kunsthal Bilbao zentroko diseinatzaile gazte berrien lehen promozioaren bildumen desfilea. Bertaratzen direnen modaren diseinuaren talentu berrien proposamen berritzaileak ezagutu ahal izango dituzte: Gaizka Albizu (Olympia bilduma), Nahia Marino (IUGH), Leire Movilla (News from Nowhere), Ainara Urkijo (La Colmena 2131) eta Aroa Mora (BXM).

Otsailaren 2a, igandea
11:30 – Tailerra familian [6-12 urte] – On the Road. Jarduera ingelesez da; parte-hartzaileek modu sortzailean esploratuko dute aretoaren espazioa, eta beren irudimena piztuko dute behaketaren eta jolasaren bidez. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.

Otsailaren 4a, asteartea
11:00 – Zer soinu du Rekaldek? – Talde itunduentzako bitartekaritza-jarduera. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.
18:00 – Lanean Rekalde en obras: Bego Vicario/Patrik Grijalvo/Argamasa/Lasa, tokiko artistekin diziplina anitzeko esperientzia eskaintzen duen esku-hartze esperimentala.

Otsailaren 5a, asteazkena
11:00 – Zer soinu du Rekaldek? – Talde itunduentzako bitartekaritza-jarduera. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.
18:00 – Lanean Rekalde en obrasJon Mikel Euba/Daniel Llaria/Amaya Suberviola/Susana Blasco, artistak jardunean, beren lanak erakusten erakusketa-espazioan.

Otsailaren 6a, osteguna
11:00 – Zer soinu du Rekaldek? – Talde itunduentzako bitartekaritza-jarduera. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.
18:00 – Elena AitzkoaPrístino Eco lana aurkeztuko du. Espazioaren izaerari buruz eta bertan gizakiak duen presentziari buruz hausnartzen duen hitzartzea.

Otsailaren 7a, ostirala
12:00 – Gogoratzen? Artea eta memoria lantzeko tailerra [60 urtetik gorakoak]. Tailer horren bidez, eguneroko memoria landuko da aretoko espazioan, eta oroitzapen pertsonalak artearekin eta ingurunearekin lotuko dira. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.
18:00 – Lanean Rekalde en obrasJone Elorriaga/Heréticos, gaur egungo ikuspegi artistikoen aniztasuna aztertzen duen proiektua.

Otsailaren 8a, larunbata
12:00 – Saio irekia – Kantxa Librea [16-25 urte]. Topaketa eta talde-dinamika ardatz dituen jarduera honen helburua da gazteak erakusketa-espaziora hurbiltzea, jolasen eta esperientzien bidez. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.
18:00 – Laura Samek La palabra que habita esku-hartze poetikoa aurkeztuko du, zeinean ahozkotasunak espazioa zeharkatuko baitu dimentsio berria hartzen duten testuen bidez. Ahotsa, gorputza eta soinua erabiliko ditu aretoa habitatzeko.

Otsailaren 9a, igandea
11:30 – Laino Artean [12-16 urte] – Artea, sormena eta teknologia fusionatzea bilatzen duen arte- eta teknologia-tailerra, artea esperimentazio teknologikoaren bidez esploratzeko aukera ematen duen esperientzia berritzailea eskaintzen duena. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.