Gripeak behera egin du Euskadin, bai Lehen Mailako Arretan bai Ospitalekoan

0

Astez aste etengabe gora egin ondoren, gripe-sindromearen intzidentziak behera egin du Euskadin aurtengo hirugarren astean, bai Lehen Mailako Arretan, bai Ospitalekoan. Horrela adierazten du Osasun Saileko Zaintza Epidemiologikoaren arloak astero egiten duen txostenak. Bertan ere adierazten da Arnas Infekzio Akutuen (AIA) tasak behera egin duela.

Hala ere, Osakidetzak 2024ko abenduan hasitako kontingentzia aktiboko planari eutsi dio, datozen egunetako bilakaerak beheranzko joera berretsi eta aurreko astean epidemiaren punturik altuenera heldu ginen egiaztatu arte.  Errefortzu horrek, lehen mailako arretan zein ospitaleko arretan, 508 ohe gehiago aurreikusten ditu ospitaleratze-kasuetarako. Gaur egun, 339 ohe prestatuta daude: 48 Araban, 115 Gipuzkoan eta 176 Bizkaian.

Gaur argitaratutako txostenaren arabera, Lehen Mailako Arretan gripe-sindromearen tasa urteko hirugarren astean 67,7 kasutan kokatu da 100.000 biztanleko, aurreko astean (80,2 kasu 100.000 biztanleko) baino 13 puntu azpitik, eta ospitaleratzeak ere jaitsi egin dira. Bronkiolitisaren tasak behera egiten jarraitzen du (374,1 kasu 100.000 biztanleko —420 kasu aurreko astean—); eta COVID-19arena balio baxuetan mantentzen da (2,0 kasu —aurreko astean 1,9—).

Lehen Mailako Arretako sareko AIAren tasa globalak ere behera egin du: urteko bigarren astean 100.000 biztanleko 651,8 kasu izatetik hirugarren astean 600,9 kasu izatera igaro da. Osakidetzako ospitale-sareko AIA larriaren tasa, hirugarren astean, 22,1 kasukoa izan da 100.000 biztanleko; aurreko astean, berriz, 100.000 biztanleko 27,2 kasu izan ziren.

Osasun Sailak eta Osakidetzak azpimarratu duten bezala, gripearen portaera beste denboraldi batzuetakoaren antzekoa da, eta birusak ez du larritasun berezirik eragin, neurri handi batean txertaketa bezalako funtsezko tresna bati esker, kanpaina honetan % 4 baino gehiago handitu baita haren estaldura, gripearen aurka 531.722 dosi eta COVIDaren aurka 366.114 dosi jarri ondoren.

Hala ere, Osasuneko sailburuak berak nabarmendu du Lehen Mailako Arretako eta ospitaleko arretako profesionalak egiten ari diren lan handia, batez ere oporren itzuleratik gaur arte. Haien lanari eta Sailak eta Osakidetzak ezarritako Kontingentzia Planak erakutsitako eraginkortasunari esker, erantzun egokia eman ahal izan zaio, eta agerian geratu da euskal osasun-sistemaren indarra; izan ere, garai honetako birusez gain, gainerako patologiekiko arreta normaltasunez mantendu du.

Azkenik, eta beste behin ere, Sailak eta Osakidetzak gripea eta beste arnas-gaixotasun batzuk (COVID, adibidez) prebenitzeko ohiko gomendioak jarraitzea komeni dela berretsi dute, eskuak sarri garbituz, pilaketak saihestuz, espazio itxiak aireztatuz eta maskara erabiliz.