Imanol Pradales lehendakariak Euskadiren, Kataluniaren eta estaturik gabeko nazioen rola aldarrikatu du, Europaren industria eta demokrazia berpizteko

0

Euskadik “guregan eragina duten” erabakiak hartzen diren nazioarteko mahai guztietan izan behar duela aldarrikatu du Lehendakariak, gaur arratsaldean, Bartzelonan, bai eta Europan “lehen mailako” eragile politikoa izateko gaitasuna ere.

“Estaturik gabeko nazioak aintzat hartzea aldarrikatzen dut”, adierazi du, areago, gaur egungo garaiotan, non, Imanol Pradalesek gogorarazi duenez, erradikalismoak, polarizazioak eta blokeen politikak “ikuspegi ideologiko jakin bat inposatzen” saiatzen diren, horrela, “bigarren mailako sukurtsal” bihur gaitezen, “boterearekin itsututa dauden munduko potentzien” zerbitzura.

“Euskadi, itunak lortzeko arima Europaren berpizkundean” izenburupean, Imanol Pradales Lehendakaria elkarrizketatu dute, gaur arratsaldean, La Vanguardia egunkariak antolatutako ‘Foros de Vanguardia’ delakoan, egunkari katalan horretako zuzendari ondoko Enric Julianak, RAC1en Madrileko ordezkari Jordi Armenterasek eta Godó Taldearen Harreman Instituzionalen zuzendari eta kazetari Ramon Rovirak.

Irekiera hitzaldian, Lehendakariak bere kezka azaldu duKataluniako enpresen, ekonomiaren eta politikaren ordezkari ugariren aurrean−; izan ere, “ezegonkortasunak” baldintzatzen duen “garai berri bat” jaio da eta horrek eragina dauka Europa modernoaren sorrerako oinarri eta balioetan.

“Azkenengo gertakari geopolitikoetan sumatzen denez, planetaren potentzia handien artean, elite agintari batzuen kasuan, pentsamendu inperialak antzematen dira, azken hamarkadetan nagusi izan den alde anitzeko ordena liberalaren gainetik”, adierazi du.

Tarteka gizarteak eskatzen duen berehalako “konponbide magikorik” ez dagoela jakitun, Lehendakariak defendatu du, gaur gaurkoz, ez dagoela “eredu eraginkor eta justuagorik Europako demokrazia liberalarena baino.”

Testuinguru honetan, Pradalesek “gu garen horretatik” erantzuteko sasoia dela hausnartu du. “Orain da momentua. Garaiz gabiltza. Erreakzionatu egin behar dugu, baina orain egin behar dugu”, berriz ere nabarmendu du.

Autogobernu gehiago

Lehendakariaren arabera, Europaren aldeko defentsa honetan bat egiten dute Euskadik eta Kataluniak; izan ere, “bi herriotan ondo baino hobeto dakigu kanpora ateratzetik partidua kanpoan jokatzera igaro behar dugula”. Baita instituzio eta Autogobernu eredu propioa defendatzeagatik ere. “Europaren garai berri bati ekingo diogun honetan, ezin gara periferian geratu. Botere-banaketan ardaztutako eredu bat behar dugu, justuagoa eta eraginkorragoa”, azaldu du.

Ildo beretik, Euskadik “guregan eragina duten” erabakiak hartzen diren nazioarteko mahai guztietan izan behar duela aldarrikatu du; horrek “Autogobernurako marko berri bat lortzea eskatzen du”. “Gaitasun politiko handiagoz hornitu behar dugu”,  bihar-etziko erronkei aurre egiteko; Imanol Pradalesen aburuz, hori egiteko gaitasuna daukagu, Gernikako Estatutuaren Xedapen Gehigarriari esker.

Aurrera egin behar dugu, azken finean, “Gure Autogobernua eguneratu, zabaldu eta hobetzeko, Estatuarekin itun politiko berri baterantz, horrela, alde biko marko eraginkor bat eta berme sistema inpartzial bat finkatzeko. Horiek dira Euskadiren eta Estatuaren arteko Itun Politikorako zutabe nagusiak», nabarmendu du.

Negoziatzeko kultura

Imanol Pradalesek hausnartu duenez, politikak akordioak lortzeko elkarrizketaren kulturan eta etengabeko negoziazioan oinarritu behar du, inposatzeko jarreretatik aldenduta.

Gai honetan sakonduz, Imanol Pradalesek ohartarazi du, bai Euskadik, bai Kataluniak, biek ala biek, zenbait arrisku izan dituztela pare-parean, duela 25 urtetik: “ekonomia eta finantza botereak zentralizatzea, nazioarteko konektagarritasuna edo Madrilerako nodo zientifiko-teknologikoak”. “Inertzia hau handituz joan da −azpimarratu du−, Moncloan eserita egon dena gorabehera”.

Ezinbestekoa da “bestea aintzat hartzea; eta, hortaz, desberdintasunak onartzea, hitzarmenak lortzeko benetako borondatea; horrek eskatzen du jarrera maximalistak albo batera uztea eta boterea autoritarismorik gabe eta inposaketarik gabe erabiltzea”, adierazi du bukatzeko.