Atotxako tren geltoki berriak Urumea aldeko zerbitzua berreskuratuko du otsailaren 17an

0

Donostian dagoen Atotxako tren geltoki berriak otsailaren 17an berreskuratuko du Frantzia pasealekutik (Urumea aldea) ematen duen zerbitzua. Horrela, aldiriko, distantzia ertaineko eta luzeko trenetako bidaiariak terminal zaharra zegoen tokitik sartuko dira berriro trenetara. Terminal hori behin-behinean gaitu da, obraren fase guztiak amaitu ondoren behin betiko zerbitzuan jarri arte.

José Antonio Santano Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Estatu idazkariak eta Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak bidaiariek trena hartzeko egin beharko duten ibilbidea egin dute, eta bertatik bertara egiaztatu dute terminal berriaren obren egoera aurreratua. Estatuko idazkaria eta sailburua bat etorri dira Euskadin abiadura handiko lehen geltokia izango dena hilabete batzuk barru amaitzeak ekarriko duen mugarria nabarmentzean.

«Euskal abiadura handiko trenak funtsezko eragina izango du Euskadiko mugikortasunean, ez bakarrik beste erkidego batzuetara eta beste erkidego batzuetatik begiratuta, baita barne-mugikortasunean ere. Behin Euskal Y-a abian daukagunean, trena askoz lehiakorragoa eta erakargarriagoa izango da Bilbo, Donostia eta Gasteiz artean mugitzeko eta Irundik barrena Frantziarekin lotzeko», azaldu du Estatuko idazkariak.

Bere aldetik, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak nabarmendu du geltoki “modernoa eta prestazio handikoa” dela, eta “herritarrek gozatzeko espazio berriak sortzeko” gaitasuna duela. Plaza berri bat izango du Tabakalera kultur zentroaren aurrean. Garraio saileko arduradunak “obra honen konplexutasuna” azpimarratu du, izan ere “ohiko trenbide-zerbitzuekin batera egiten ari da, aldiriko, distantzia ertaineko edo luzeko 60 trenekin egunean”, eta Euskal Trenbide Sarea euskal erakunde publikoak Espainiako Gobernuaren kudeaketa-agindu bati esker eraikitako proiektua aurrera ateratzeko gauzatu den erakundeen arteko lankidetza ere nabarmendu du.

Segizioak 200 metro baino gehiagoko lehen nasa zeharkatu du bi aste pasatxo barru martxan jarriko den geltokira sartu aurretik. Eraikinaren egitura osorik eginda dago, eta, gaur egun, instalazioen eta akaberen jarduketak egiten ari dira, barrukoak zein kanpokoak. Eraikina bi altueratan handitu da, berreraikitako jatorrizko zati historikotik bereizten den arkitektura modernoarekin, trenbidearen ustiapenaren behar berrietara egokituta. Haren ondoan, nasa-estalkiko markesina historiko zaharberritua jarri da berriro, erabat amaituta.

Ondoren, ordezkaritza eskaileretatik jaitsi da lurpeko atariaren parte izango denera. 7.400 metro karratuko azalera izango du, eta bidaiariak goiko solairuan dauden nasetara banatzeko balioko du. Behin goian, abiadura handira bideratuko den 400 metro baino gehiagoko luzera duen nasa ikusi dute, oraingoz 150 metrora mugatuko den arren, aldirietako nasa gisa erabili ahal izateko. Une honetan, trenbidearen elektrifikazio eta muntaketa lanak ari dira egiten, gaur egun Tabakalera kultur gunetik gertuen dagoen aldean erabiltzen diren trenbide orokorren konexioa prestatzeko, eta laster beste aldera igaroko dira, Urumea ibaiaren ondora.

Tabakalera eraikineko lehen solairuko kotan dagoen trenbide-zabalgunearen gaineko plazako lauzaren zati bat amaituta dago, gaur egun behin-behineko geltokiak betetzen duen espazioa libre geratzearen zain. Herritarrentzako espazio berria izango den plaza publiko horrek 5.700 metro karratuko azalera izango du.

Zirkulazioen mozketa

Birmoldatutako geltokiaren eraikin berria martxan jartzen denean, trenbideko trafikoa Mendebaldera edo Urumea aldera eraman eta terminalaren gainerakoa osatu ahal izango da. Eragiketa horren ondorioz, trenbideko zirkulazioa eten beharko da otsailaren 14ko (ostirala) azken zirkulaziotik hilaren 17ko (astelehena) lehenengora arte. Denbora-tarte horretan, autobusez egingo diren joan-etorriek ordeztuko dute zerbitzua.

Egia edo Tabakalera aldea trenbide-eragiketatik libre utzi ondoren, gaur egun behin-behineko geltokiak hartzen duen azalera, 1.200 metro karratu ingurukoa, lurpeko atariaren barruko behin betiko konfigurazioan eta Egiako azpiko pasabide berrian integratuko da.