«Botika etxean eskura» proiektua abian jarri da Arabako landa-esparruan farmazia-arreta hobetzeko

0

Osasuneko sailburu Alberto Martinezek, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek eta Arabako Farmazialarien Elkargoko presidente Milagros Lopez de Ocarizek «Botika etxean eskura» programa aurkeztu dute gaur goizean Arabako Lurralde Historikoko Añana eta Arabako Mendialdeko eskualdeetan landa-esparruko biztanleen farmazia-arreta hobetzeko.

Proiektu pilotu bat da, eta bere helburu nagusia da medikamentuak etxean entregatzen direla bermatzea eta aipatutako eskualdeetan bizi diren pertsonei farmazia-arreta hobea eskaintzea. Horrela, agindutako sendagaiak pazienteak bere medikuak ezarritako jarraibideen arabera jaso ditzan laguntzen da, medikazioaren erabilera aztertuz eta kontrolatuz, eta arazoak identifikatuz, medikamentuak oker erabiltzearekin lotutako kalteak prebenitzeko edo saihesteko.

Ekimen aitzindari hori erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da, eta tratamenduarekiko atxikidura indartzeko eta, hala badagokio, dosifikazio-sistema pertsonalizatuak prestatzeko balioko du. Horrez gain, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako profesionalei tratamenduaren beraren inguruan edo pazienteentzat funtsezkoak diren beste alderdi batzuen inguruan garrantzitsutzat jotzen diren behaketen berri ematea sustatuko du.

Proiektuak landa-eremuan bizi diren pertsonen autonomia hobetzen laguntzen du, farmaziako profesionalak tratu hurbila eta pertsonalizatua emanez. Profesional horrek, gainera, bizi-ohitura osasungarrietan ere trebatuko ditu pertsona horiek, gainerako osasun-profesionalekin eta gizarte-eragileekin batera.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Arabako Foru Aldundiko Lurralde Orekaren eta Lurralde Antolamenduaren Sailak finantzatzen dute «Botika etxean eskura» proiektua, urtean 125.000 eurorekin; Eusko Jaurlaritzak 95.000 euroko ekarpena egiten du eta Foru Aldundiak 30.000 eurokoa.