Nahiz eta Euskaraldian parte hartzeko oinarrizko baldintzak euskara ulertzea eta 16 urtetik gora izatea diren, antolatzaileek badakite 16 urte azpiko herritar gazteek ere zeresan itzela dutela euskararen biziberritzean, orokorrean; eta erabileran, bereziki. Garrantzi hori aintzat hartuta, Euskaraldia lantzeko haur eta gaztetxoei zuzendutako proposamen didaktikoak ondu dituzte.
Euskal Herriko gaztetxoek egiteko garrantzitsuak dituzte Euskaraldian, bai ariketa bitartean eta baita aurretik ere. Etorkizuneko parte-hartzaileak izateaz gain, euren etxeetan erabileran aldeko ezinbesteko pedagogia egin dezakete, ariketaren nondik norakoak azalduz, eta Euskaraldiak proposatzen duena etxeetan egitera animatuz -lehen hitza euskaraz egin, eta elkarrizketa elebidunak mantentzea sustatuz-. Goiatz Urkijoren hitzetan “Euskaraldiaren xaxatzaileak” izango dira, akuilua erabiliz etxeetan erabileraren aldeko deia egingo dutenak. Izan ere, etxe askotan euskararen berri haur eta nerabe horien eskutik etortzen da soilik.