Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko ministroak eta Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Donostiako Iparraldeko Geltoki berriaren (Atotxa) obrak bisitatu dituzte gaur. Behin betiko sorkuntzan, abiadura handiko trena hartuko duen Euskadiko lehena geltokia izango da.
Bi agintariek Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu dute. Lanak erritmo onean egiten ari dira, eta 2026an erabat amaituta egotea espero da.
Atotxako geltokia handitzeko eta modernizatzeko lanek 93 milioi eurotik gorako aurrekontua dute, Espainiako Gobernuak finantzatuta. Lanak Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira, eta Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bitartez egikaritzen ari dira.
“Datorren urtean Atotxako geltoki berria bere distiran eta jarduteko erabateko gaitasunean ikusi ahal izango dugulakoan gaude. Geltokiaren itxura moderno eta errespetutsuaz gozatu ahal izango dugu, baita kanpoko diseinu historikoaz ere, lanetan inplikatutako erakunde guztien arteko lankidetzari eta ulermenari esker. Batik bat, Euskal Trenbide Sarea sozietate publikoaren eta Adif estatuko sozietate publikoaren arteko lankidetzari esker” adierazi du ministroak bisitaldian.
Gainera, egiten ari diren lanen konplexutasun teknikoa nabarmendu du, ohiko tren-zerbitzuak mantentzen diren bitartean egiten ari baita —egunero aldiriko, distantzia ertaineko eta distantzia luze konbentzionaleko 60 tren gelditzen baita bertan—.
“Mugikortasun jasangarriak gero eta pisu handiagoa hartu du agenda publiko eta politikoetan, bai arlo sozialean —desberdintasunak murrizteko eta herritarrei funtsezko zerbitzuak eskura izatea bermatzeko gaitasunagatik—, bai ingurumenaren arloan”, eman du aditzera Susana García Chueca sailburuak. “Mugikortasuna eskubide eraginkorra izango bada, gure lurraldea arlo sozialean eta ekonomikoan egituratzeko gai diren azpiegitura modernoak, irisgarriak, eskuragarriak eta erosoak beharko dira, eta Atotxakoa horren adibide argia da”.
Iparraldeko geltokiko obren bilakaerari dagokionez, datorren astelehena, otsailaren 17a, mugarri izango da, behin-behinean abian jarriko baita Frantzia pasealekutik (Urumea aldetik) sarbidea duen bidaiarien eraikin berria. Hartara, bidaiariak behin betiko geltokitik sartu ahal izango dira trenetara, lanekin jarraitzen den bitartean.
Behin betiko geltokiak azken bi urteetan erabili den Tabakalera kultura-zentroaren ondoko behin-behineko geltokia ere barne hartuko du.
Geltoki batetik besterako trenbide-konexioa egin ahal izan dadin, zerbitzua etengo da bihar, ostiraleko azken zirkulaziotik datorren asteleheneko lehenengora arte. Denbora-tarte horretan, autobus bidez egingo da zerbitzua. Trenik egongo ez dela baliatuta, trenbidea elektrifikatu eta muntatzeko lanak amaituko dira, eta, hala, trenbideak Tabakalera ondoko aldetik Urumea ibaiaren eta hirigunearen aldera aldatu ahal izango dira.
Ministroarekin eta sailburuarekin batera bisitan izan dira Eneko Goia Donostiako alkatea, Jose Antonio Santano Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko estatu-idazkaria, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria eta Miguel Angel Páez Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordea.
Euskal Y
Óscar Puente ministroak abiadura handia Bilbora eta Gasteizera ere eramango duen Euskal Y-aren garapenarekin duen konpromiso irmoa gogorarazi du. Izatez, Gobernu zentralak 4.900 milioi euro inbertitu ditu Irunera arte, eta aurrekontu hori 9.000 milioi eurora arte igo daiteke.
“2025. urte honetan, euskal gizarte osoari lagundu ahal izango zaio Euskal Y-aren eta haren geltoki enblematikoen amaiera irrikatuaren hasierarekin. Aurten Euskal Y-aren adarrak amaitzeko azken bultzada handia emango da, trenbide-plataforma ia osoa amaituko baitugu”, ziurtatu du ministroak.
Sailburuak, bestalde, adierazi du Eusko Jaurlaritza Euskal Y-aren eraikuntzan laguntzen ari dela, Gipuzkoako adarrean, Arkauteko gurutzagunean eta Bilboko erdigunera sartzeko tunelean. Azpimarratu du horretarako behar-beharrezkoa dela “gaitasun profesional eta tekniko handia izatea, eta finantza-muskulua izatea, proiektuak garatu ahal izan daitezen”.
Atotxa eraldatzea
Atotxako geltokiaren eraikina bi solairutan handitu da. Solairu horiek jatorrizko zati historiko berreraikiaz bereizten den arkitektura dute, trenbidearen ustiapenaren behar berrietara egokitze aldera. Haren ondoan jarri da nasak estaltzen dituen markesina historiko zaharberritua. Eraikin hori lurpeko sarbide-atariekin osatuko da, beheko maila batean. Sarbide-atari horiek 7.400 metro karratu izango dituzte.
Geltoki berriaren edukiera handiagoa izango da atarietan zein nasetan, eta arreta berezia jarriko zaio beste garraiobide publiko batzuekin izango den konexioari. Hartara, sarbideak berrantolatuko dira (Egiatik erdialderako beheko pasabidea handitu eta birmoldatuko da), eta autobus-geltokiarekiko konexioak ere bai. Gainera, 5.700 metro karratu baino gehiagoko plaza publiko bat eratuko da Tabakalera kultura-zentroaren aurrean.
Atotxako geltokiak, behin betiko konfigurazioan, 6 bide eta 5 nasa izango ditu. Distantzia luzeko eta trenbide-zabalera estandarreko trafikoetarako, 410 metrora arteko luzera duten 3 nasa zentral izango dira, eta nasa horiek konposizio bikoitzean hartu ahal izango dituzte trenak, 3., 4., 5. eta 6. trenbideei zerbitzu egiteko. Bestalde, aldiriko zerbitzuek alboko bi trenbideak hartuko dituzte (1. eta 2. trenbideak); bi trenbide horiek zabalera mistoarekin planteatzen dira (hirugarren erreia), zabalera estandarreko zein zabalera konbentzionaleko trenen zirkulazioa bateragarria izan dadin.
Markesina historikoa 1880an eraiki zen eta Jean Biarez ingeniariak diseinatu zuen, Alexandre Gustave Eiffelen kolaboratzaileak. Orotara 288 tonako pisua du. Burdinurtuzko 8 pilare ditu eta 20 metroko luze eta 3,5 metro garai diren Fink motako 22 zertxa, bielaz, tirantez eta sareta-habez osatuak. Metalezko egitura Carreñoko (Asturias) tailer espezializatu batean zaharberritu da.