Mugikortasunak, digitalizazioak eta enpresa-espazio berriek eskualdearen garapena sustatzen dute
Enkarterriko Eskualdeko Plan Estrategikoa behar bezala aurrera doa eta eskualdean duen eragina finkatzen jarraitzen du. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta eskualdeko 11 Udalek parte hartu dute gaur Zallako Longarrean egindako bileran, zeinaren bidez, 65 milioi euro baino gehiago erabiltzea aurreikusten duen estrategiaren aurrerapenak aztertu ahal izan diren. Izan ere, 45 milioi euro erabili dira jada lurraldea eraldatzen ari diren 59 jarduketa estrategiko burutzeko.
Barne- eta kanpo-mugikortasuna hobetzea izan da Planaren lehentasunetako bat, eta 16 milioi euro baino gehiago inbertitu dira trenbide-sistema eta -sarea modernizatzeko. C4 (Balmaseda – La Concordia) trenbidea –Enkarterri eta Bilbo elkarrekin lotzeko funtsezko ardatza– hobetzeko oinarrizko azpiegituren berrikuntzan aurrera egin da. Ildo horretan, jarduketa garrantzitsuak burutu dira Bilboko metroaren 4. linea etorkizunean hedatzeko; hala, garajeak Irauregin kokatuko dira, eta Ariz, Abando eta Alonsotegi geltokiekiko konexioa hobetuko da.
Errepideei dagokienez, hobekuntzak egin dira BI-630 errepidean: Malabrigo-Traslaviña tartea berritu da eta Herrera-Malabrigo, Traslaviña-Turtzioz, La Escrita-El Callejo eta El Callejo-La Cadena tarteetako jarduketak diseinatzen ari dira. Bide-segurtasuna eta mugikortasun jasangarria hobetzeko esku-hartzeak ere garatu dira, hala nola Kadagua ibaiaren (Arbuion) gaineko oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabidea eraikitzea, La Roblako trenbidea berreskuratzea eta ibilbide berde bihurtzea, eta Traslaviñan biribilgune bat sortzea trafikoa arintzeko helburuarekin.
2025eko martxoan Zallako Elkartegia inauguratzeak aurrerapauso handia suposatu du enpresa-sarea indartzeari dagokionez. Izan ere, Elkartegi hori Enkarterrin enpresa berrien ezarpena bultzatzeko diseinatu zen, eta bi eraikin eta 4300 m²-ko guztizko azalera ditu, enpresa berriei eta garatzen ari diren industriei zuzendutako modulu moldakorrez hornituta. Orain arte, hamar enpresak finkatu dira Elkartegiko instalazioetan ofizialki, eta, horri esker, zentroak eskualdean jarduera ekonomikoa erakartzeko gune gisa duen zeregina agerian geratu da.
Planak, halaber, garrantzi handia ematen die Enkarterriko digitalizazioari eta konektagarritasunari, eta bi arlo horiek garatzeko, landa-eremuetan banda zabala hedatuko da. Hasiera batean, 664 etxebizitza estaltzea aurreikusita zegoen, eta, horietatik, 558 etxebizitzatan dagoeneko ezarri da banda zabala. Hala, Alonsotegi, Artzentales, Galdames, Gueñes, Karrantza, Lanestosa, Sopuerta eta Zallako udalerriek abiadura handiko interneterako sarbidea izango dute, enpresen lehiakortasuna eta biztanleen bizi-kalitatea hobetuz. Estaldura horrek aurrera egingo duela bermatzeko, dekretu berri bat onartu da, zeinaren bidez, banda zabala eremu zuri gehiagotara hedatzea erraztuko den, Enkarterri konektibitate ona duen eta inbertsioak erakartzeko lurralde aproposa den eremu gisa posizionatuz.
Turismoa eta ondarearen balioa nabarmentzea funtsezkoak dira eskualdea biziberritzeko. La Encartada Fabrika-museoa –inguruko kultura-aktibo nagusietako bat– eraldatzen ari da, eta teilatua konpontzeko obrak esleitu egin dira jada (2025eko lehen hiruhilekoan hasiko dira); kanala eta turbina zaharberritzeko lanei dagokienez, berriz, lehen lizitazio-lehiaketa hutsik geratu zen, eta oraindik lanak egiteko daude. Gaur egun, lizitazioaren baldintzak berrikusten ari dira beste deialdi bat egiteko eta esku-hartze giltzarri horren esleipena bermatzeko (hori guztia Enkarterriko eskaintza turistikoa indartzeko xedez).
Lanbide heziketa eta laneratzea sustatzea izan da planaren lehentasunezko beste ardatz bat, eta 3 milioi euroko inbertsioa jaso du. Balmasedan eraikin bat laga da IKTen arloko LHko irakas-gune publiko bat sortzeko, non «Web-aplikazioen Garapena» eta «Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapena» goi-mailako graduak jada eskaintzen diren. Titulazio horiek bat datoz industriaren digitalizazio-premiekin, eta lan-aukera berriak eskaintzen dizkiete eskualdeko gazteei.
Bioekonomiako HUBa garatzeari esker, zentro horrek berrikuntza jasangarriaren alorrean erreferente gisa duen posizioa sendotzen jarrai daiteke. Zazpi proiektu estrategiko hautatu dira dagoeneko, eta proiektu horiek Enkarterrin ezartzeko finantzaketa eta laguntza jasoko dute (3,1 milioi euroko inbertsioa). Gainera, Bioekonomiako HUBa hartuko duen eraikina amaitzeko azken urratsak ematen ari dira, eskualdeak ekonomia zirkularraren eta natura-baliabideen aprobetxamenduaren alde egingo duen apustua indartuz.
Erakunde parte-hartzaileak bat etorri dira plana gauzatzeko erritmoari eusteak duen garrantziari dagokionez, eta, horretarako, abian dauden jarduerak finkatu eta egiteko daudenak arinduko dira. Aurrerapen horiei esker, Enkarterri eraldatze-prozesu batean murgilduta dagoen eskualdea da, eta azpiegitura berrituek, enpresa-aukerak ugaritzeak eta garapen-eredu jasangarri eta berritzaileak etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest egotea ahalbidetzen diote.