«L’Histoire de Souleymane» filmak Giza Eskubideen 22. Zinemaldian Ikusleen Saria lortu du

0

Sari banaketaren ondoren «Good one» filma proiektatuko dute gaur

Boris Lojkinek zuzendutako L’Histoire de Souleymane (Frantzia, 2024) filmak lortu du Film Luze Onenaren Publikoaren Saria Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldian, gaur gauean Victoria Eugenia Antzokian amaituko dena.

Luciana Kaplanen Tratado de invisibilidadek (Mexiko, 2024) jaso du Film Luze Onenaren Amnesty International Saria. 2010etik, AIk izendatutako epaimahai batek ematen du sari hau. Epaimahaiaren iritziz, “filmak agerian uzten du, zorroztasun estetikoarekin eta maila zinematografiko handiarekin, emakume horien esplotazioa eta egoera horrek eragiten duen eskubide-urraketa”.

Ione Ituarte kultur ekitaldien ekoizleak, Kristina Zorita kazetari eta zinemagileak, eta Miguel Ángel Ramos, Javier Maura eta Itziar Zeberio Amnesty Internationaleko ordezkariek osatutako epaimahaiak aipamen berezia Waves (Vlny, 2024) filmari ematea erabaki du ere, Txekiar Errepublikako eta Eslovakiako koprodukzio honek “Pragako Udaberrian adierazpen-askatasunaren aldeko borrokari heldu diolako, gaur egun ere mehatxupean dagoen eskubideari, alegia”.

Ali Reza Shah Hosseiniren Black Scarf (Iran, 2024) filmak Film Labur Onenaren Gazte Epaimahaiaren Saria irabazi du, 3.000 €-rekin hornitua, eta Iñaki Alforja eta Iban Toledoren 16060 egun (2024) filmak, berriz, Euskal Film Labur Onenaren EITB Saria (1.000 €), aurten lehen aldiz banatu dena.

Amaiera-gala

Gaur arratsaldean, 20:00etan, itxiera-galan banatuko dira sariak. Ondoren, zinemaldiaren edizio honi amaiera emateko aukeratutako filma proiektatuko da, Good One (AEB, 2024), India Donaldsonek zuzendua.

Zortzi egun hauetan film luzeak eta laburrak proiektatu dira, hainbat eztabaida, mahai-inguru eta beste hainbat jarduera egin dira, eta oraindik zabalik dauden hiru erakusketa antolatu dira.