Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren agindua argitaratu du gaur, nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideetarako laguntzen 2025erako deialdiarekin. Guztira, 880.250,88 euro dira.
Oro har, laguntza hauen helburua da Europar Batasuneko nekazaritzak elikaduraren eta osasunaren arloko eskakizun sozialei ematen dien erantzuna hobetzea, modu jasangarrian ekoitzitako kalitate oneko elikagaien eskaria barne.
Beste helburu bat da nekazaritza-sektoreak balio-katean duen posizioa hobetzea, eta, horretarako, kalitate bereiziko eta ekologikoko ekoizpenak sustatzen dira. Halaber, Erkidegoko produktuak eta ekoizpen-sistemak balioztatu nahi dira, eta kontsumitzaileen eta ekoizpen-sektorearen arteko loturak eta konfiantza sustatu.
1962´an Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) sortu zenetik, politika hori sektorearen erronketara eta herritarren behar berrietara egokitu da, ondoz ondoko erreformen bidez. NPB´ren azken erreforma 2021eko abenduan amaitu zen, hiru erregelamendu argitaratuta. Erregelamendu horiek, dagozkien erregelamendu eskuordetu eta betearazpenezkoekin batera, NPB 2023-2027 aldian aplikatzea arautzen dute, balizko luzapenei kalterik egin gabe.
NPB´ren Plan Estrategikoa (PEPAC) 2022an onartu zuen Europako Batzordeak. Bertan, lehen zutabearen eremuan programatutako laguntza-esku-hartzeak jaso ziren – zuzeneko laguntzak eta laguntza sektorialak, NBEF funtsak finantzatuak, eta zuzenean aplikatzekoak izango dira estatu-eremuan –, bai eta bigarren zutabeko landa-garapeneko esku-hartzeak ere – NBEF funtsak kofinantzatuak –, autonomia-erkidegoetan ezarri eta garatzen direnak, eskualde-berezitasunekin.
Euskadiren kasuan, zuzeneko ordainketez eta NBEF funtseko esku-hartze sektorialez gain, landa-garapeneko 18 esku-hartze (LGENF) programatu dira. Euskadin programatutako landa-garapeneko 18 esku-hartzeen artean, kalitate-erregimenetan parte hartzeari eta kalitate-araubideetako produktuen sustapenari buruzkoak daude.
Elikaduraren sektorea estrategikoa da Euskadirentzat, eta euskal landa-ingurunearen funtsezko oinarria da. Sektore horren lehiakortasuna areagotzeko, euskal nekazaritzan nolabaiteko errotuta dauden produktu jakin batzuk bereizteko eta sustatzeko estrategia hori garatu da.