Eusko Jaurlaritza Txekiar Errepublikako Hradischko kontzentrazio esparruko biktimen omenezko ekitaldian izan da

0

Mikel Anton, Eusko Jaurlaritzako Europako Gaien zuzendaria, Bigarren Mundu Gerrako Biktimen Ohorezko Monumentuan egindako ekitaldian izan da, Strašnice errausketa-labearen esparru historikoan. Zeremoniaren helburua Hradischko kontzentrazio-esparruan exekutatu zituzten milaka pertsonei omenaldia egitea izan da, horien artean espainiar eta euskal herritarrak, baita František Suchý errausketa-labearen administratzaile ohiaren eta haren semearen ausardia aitortzea ere. Izan ere, haien bizia arriskuan jarri zuten biktimen errautsak eta nortasunak babesteko, erregimen naziaren aztarna oro ezabatzeko ahaleginaren aurrean.

Euskal presentzia kontzentrazio-esparruko biktimen arteanOmenaldiak Hradischko kontzentrazio-esparrura deportatutako biktimak ekarri ditu gogora. Horien artean, Anjel Lekuona euskal herritarra zegoen, busturiarra bera, eta František Suchýk babestu zituen haren nortasuna eta errautsak. Arrisku pertsonal larria hartzen, 2.000 pertsona baino gehiagoren errautsak eta heriotza-ziurtagiriak ezkutatzea lortu zuen.Oroitzapen-ekitaldiaren barruan, Gernikako Arbolaren kimu baten landaketa sinbolikoa egin da Strašnice errausketa-labearen ondoko parkean. Ekimen honek balio izan du nazien kontzentrazio-esparruetan errepresioa eta sarraskia jasan zuten pertsona guztiekiko anaitasun eta oroitzapen keinu gisa.

POPEL dokumentalaren aurkezpena

Mikel Anton Europako Gaien zuzendariak Oier Plaza euskal zinemagileak zuzendutako POPEL (errautsak txekieraz) dokumentalaren aurkezpenean eman dio amaiera jardunaldiari, Pragako Dlabaкov zineman. Aurkezpenean Jose Manuel Albares Espainiako Gobernuko Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroa ere izan da.

Filmak Unai Egia euskal historialari eta irakasleak eta Anton Gandarias Anjel Lekuonaren ilobak Bigarren Mundu Gerran desagertutako senideen bila egindako ikerketa bidaia kontatzen du.

Ekitaldi horren bidez, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du memoria historikoa zaintzeko konpromisoa eta askatasunaren eta giza eskubideen alde borrokatu zirenen errekonozimendua.