Eusko Jaurlaritzak Oionen 24 etxebizitza babestu eraikitzea bultzatu du Udalak lurzorua doan lagatzeari esker

0

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta Oiongo Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute udalerriko SAUR-1 sektoreko RC-A lurzatian erregimen orokorreko babes sozialeko 24 etxebizitza eraikitzeko. Ekimen hori Eusko Jaurlaritzak etxebizitza-parke publikoa handitzeko hartutako konpromisoaren parte da, eta Arabako Errioxako herri horretako etxebizitza eskuragarrirako premia egiaztatuari erantzuten dio.

Gobernu Kontseiluak baimendu eta Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Oiongo alkate José Manuel Villanuevak sinatutako akordioaren arabera, Udalak doan lagako dio lurzorua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari. Trukean, Etxebizitza Sailak eraikuntza-proiektua gauzatzeko konpromisoa hartzen du, lotutako urbanizazioa barne.

“Kalitatezko etxebizitza eskuragarri izatea oinarrizko eskubidea da, eta erakundeok bermatu egin behar dugu. Hitzarmen honek, premia dagoen lekuan jarduteko aukera emateaz gain, tokiko eta autonomia erkidegoetako administrazioen arteko lankidetza indartuz egiten dugu”, adierazi du Denis Itxaso sailburuak.

Itxasok balioan jarri du lurzorua doan lagatzearen garrantzia, horrelako ekimenak gauzatzeko. “Oiongo Udalak lurzorua doan lagatzeko hartu duen konpromisoak aukera ematen digu baliabide publikoak optimizatzeko eta etxebizitza eskaerari erantzuna bizkortzeko”, nabarmendu du. Izan ere, sailburuaren arabera, “horrelako lankidetza leialik gabe, ezinezkoa litzateke etxebizitza babestuen parkea handitzeko gure helburuan aurrera egitea”.

Ildo beretik, Itxasok gaineratu duenez, “doan lagatako metro karratu bakoitza etorkizuna eraikitzeko aukera bat da. Udala horrela inplikatzen denean, etxebizitza publikoa proiektu kolektibo bat dela erakusten ari gara, non erakunde guztiok indarrak batzen ditugun herritarren mesedetan”.

Oiongo alkatea den José Manuel Villanuevak Arabako Errioxako herri horretan etxebizitza sozialen sustapenean Udalak duen inplikazioa azpimarratu du. «Oingo Udalak etxebizitza babestua martxan jartzeko aukera guztiak aztertu ditu, gure herritarrek gure udalerrian bizi eta lan egin ahal izan dezaten eta etxebizitza duina izateko oinarrizko eskubidea bermatua egon daitezen. Eta hitzarmen hau bide horretan aurrera egiteko formuletako bat da. Ez dugu inolako zalantzarik izan etxebizitzak eraikitzeko lurrak lagatzeko, ezta proiektuak egiteko gastuei aurre egiteko ere, etxebizitza horien eraikuntza lehenesteko eta bizkortzeko helburu bakarrarekin», azaldu du Villanuevak.

Sailak zuzendaritza fakultatiboa kontratatuko du, obrak idatzi eta gauzatuko ditu, eta lanen inpaktua minimizatzeko behar diren neurri guztiak hartuko ditu. Era berean, Udalak hobari fiskalak bultzatuko ditu eta proiektu teknikoaren idazketa kontratatuko du, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzako zerbitzuekin koordinatuta.

Etxebizitzak indarreko araudiaren arabera esleituko dira, eta lehentasuna emango zaie udalerrian erroldatutako pertsonei, eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta mugikortasun murriztua duten pertsonei sarbidea bermatuko zaie, erroldatze baldintza betetzen ez badute ere.